Murgialdai baserriaren inguruetan 4 hektarea mahasti dituzte, duela urte gutxi upategia martxan jarri zuten, eta gaur egun, txakolina ekoizten duen upategi bakarra da Debagoienean. Ordutik, upategian bertan egiten dute txakolina sortzeko prozesu guztia. Horretarako, bertako mahatsak bakarrik erabiltzen dituzte, eta, aurtengo uztaren inguruan galdetuta, kantitatez "ona" izan dela aitortu du Aritz Galdos ekoizleak: "Neguan eta udaberrian euri asko egin zuen eta hezetasun ugari metatu zen; uda eta udazkena, aldiz, lehor joan dira, eta horrek mahatsa iazkoa baino helduagoa izatea eragin du". Mahats helduagoa jaso denez, alkohol graduazioa ere zertxobait "handiagoa" irten dela azaldu du Galdosek. Klima, ordea, ez da aldagarri bakarra izaten: "Klimak, batik bat, mahatsaren garraztasunean eta azukrean eragiten du, baina uzta zer egoeran jasotzen den edo prozesatzeko erak ere eragina du txakolinean. Dena den, izurriterik, txingorrik edo udaberriko izotzaldi handirik ez bada, aldaketa txikiak izaten dira".
Gaur egun, hainbat txakolin mota ekoizten dituzte Murgialdai baserrian. Euren katalogoan, ohiko txakolinarekin batera, ilunkara izeneko aldakuntza bat eta karaitza izeneko ondutako hiru zuri daude, hainbat hartzidura eta prozesu motaren bidez ekoiztuak. Aritz Galdosek gaineratu du ekoiztutako produktua "ondo" saltzen dela, eta "pozik" dago upategia izaten ari den bilakaerarekin.
Belaskuan, mahats "asko"
Oñatiko bi ekoizleek uzta "onak" jaso dituzte eta "pozik" daude, txakolin ugari saltzen delako
Belaskuan, berriz, 2,2 hektarea mahasti dituzte, baina upategirik ez. Hauxe dio Jon Urzelai ekoizleak: "Helburua ez da hemendik bizitzea, etxe ingurua mantentzea baizik"; izan ere, lehenago behiak izaten zituzten lursail haietan. Urzelai ere "pozik" dago jasotako mahatsarekin: "Mahats asko jaso dugu; orokorrean, urte txarra izan da Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, baina guk uzta ona jaso dugu. Nota bat jarri behar banioke, zazpi edo zortzikoa jarriko nioke aurtengoari". Urzelaik gaineratu duenez "sekula baino lehenago" batu dute mahatsa, iraila amaitu baino lehen. Alkohol kantitateari dagokionez %12,5etik gorakoa irten zaie, inoizko altuena. "Irailaren hasieran bero handia egin zuen, baina, zorionez, abuztuaren amaieran euria egin zuen Oñatin, baita iraileko beroen ostean ere; bi zaparrada haiek salbatu dute uzta", esan du Urzelaik. Hark ere badio jasotzen den uztan eragiten duela eguraldiak: "Mahatsa sano badago, kantitatez gutxi jaso arren, kalitatez ona izaten da, normalean. Azkenean, mahats gutxiago dagoenean, ura eta nutrienteak ere leku gutxiagotan sakabanatzen baitira".

Txakolin ekoizlea izateak dakarrenari buruz galdetuta, Urzelaik "geroz eta zailagoa" dela dio: "Kostu guztiak gora doaz, makineria, gasolina, traktorea, produktuak... eta horri gehitu behar zaio baserritik geroz eta etekin gutxiago ateratzen dela". Horrekin lotuta, mahastian lan egiteko prest dagoen "jendearen falta" dagoela ere adierazi du: "Sekulako arazoak ditugu lan egiteko prest dagoen jendea aurkitzeko; ez orduka, ez inausteko, eta ezta mahatsa biltzeko ere. Halako proiektuak abiatzen direnean, ezin gara etekin ekonomikoei begira aritu; egoera penagarria da, bai mahastian, bai ganadutegian, eta baita nekazaritzan lanean dihardutenentzako".
Txakolinak "estimazioa" du
Lehen sektorearen egoera hala moduzkoa den arren, bi ekoizleak "pozik" daude, txakolinak jendartean duen estimazioa "ona" delako. "Azken hiru urteetako uztak txarrak izan dira, eta abuztuan txakolinak agortu egin dira hainbat lekutan", dio Urzelaik. Biek ala biek uste dute txakolinak geroz eta kalitate handiagokoak direla, eta kontsumoa bide beretik doala.