Aloñako Mendiko eskubaloi saila hasi da 50. urteurrena ospatzen

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko otsailaren 1a

Zubikoa bete egin da Asobal ligako Bidasoa –37– eta Aranda –30– taldeen lagunartekoa ikusteko eta urteurrenaren antolatzaileak pozik daude lehen ekitaldi honek izan duen erantzunarekin. 

Aloña Mendiko eskubaloi sailak 50 urte betetzen ditu aurten. Hainbat ekitaldi egin asmo ditu –izaera ezberdineko partiduak eta herri bazkaria tarteko– eta asteburu honetan, zapatuan, izan da lehendabizikoa. Asobal ligako Irungo Bidasoak eta Burgosko Tubos Aranda taldeek neurtu dituzte indarrak Zubikoko kantxa berdean jokatutako lagunartekoa.

Eskubaloi saileko presidente Iñaki Mendarozketarendako "gozamen hutsa" izan da partidua ikustea: "Beste maila batean jokatzen dute eurek, eta hori igartzen da. Batez ere duten azkartasunean. Izugarrizko abiaduran mugitzen dira. Disfrutatu egin dugu partidua ikusten. Gainera, lagunartekoa izan arren, lehiakorrak izan dira talde biak eta bakoitzak bere indarra erakutsi gura izan du. Lehen zatian, esaterako, Aranda ibili da indartsu, baina gauzak bestelakoak izan dira bigarren zatian; Bidasoak buelta eman dio eta indartsuagoa izan da. Ederra izan da, bai". Partidua Bidasoak irabazi du: 37 eta 30.

Eskubaloiaz gozatu ez ezik, Zubikoara etorri diren taldeekin harremanak sendotzeko ere balio izan duela partiduak gaineratu du Mendarozketak.

Zaleei eskerrak

Partiduak izan duen erantzuna azpimarratu gura izan du horren gainetik, Mendarozketak: "Kiroldegia bete egin da, oso erantzun ona jaso dugu herritarren aldetik eta hori izugarria da. Dozena bat lagun ibili dira antolatzen, eta oso pozik daude denak erantzunarekin. Eskerrik asko, bide batez, joandako guztiei. Erantzun hau ikusteak indartu egin du urteurrena antolatzen ari den taldea".

Ospakizun egitaraua lotzen

Izan ere, urtean zehar gauza ezberdinak antolatzeko asmoa dute 50. urteurrena ospatzeko. Asmoa da hilean ekintza bat egotea, eta horretan ari dira. Lantalde propio bat sortu dute 50. urteurreneko ospakizunerako, jokalari ohiek eta eskubaloiari lotuta egon diren hainbat herritarrek osatuta, eta eurak ari dira dituzten asmoei forma ematen eta egutegiko datak lotzen. Ospakizun egitaraua itxi gabe dute oraindik, baina bai zehaztuta mugarri izango diren ekitaldi nagusiak. Zapatuko partidu honez gain, maiatzean, adibidez, Eskubaloi Egokituko Euskadiko Txapelketako finalak jokatuko dira Oñatin, inklusioa eta kirol egokitua ardatz hartuta. Hilabete berean, urteroko zita bihurtu den infantil mailako Corpus Txapelketa izango da; Euskadi, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko neska-mutilak lehiatuko dira. Uztailaren 4an, aldiz, herri bazkaria egingo dute. Bera Bera taldearekin ere harremanetan dira Oñatira gonbidatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak