Bailara osoan antolatu ditu bakardadearen inguruko hitzaldiak Debagoiena Ehunduz egitasmoak. Eguaztenean egin zuten Oñatin, kultura etxeko erakusketa gelan. Elisa Sala Mozos (Arrasate, 1977) izan zen han ere hizlari eta besteak beste, bakardadea zer den, nola antzeman daitekeen eta aurre egiteko helbururekin komunitate lotura sendoagoak nola eraiki daitezkeen aipatu zuen gaiak erakarrita hitzaldira joan ziren herritarren aurrean.
Lierni Altube Moiua Oñatiko Udaleko Ongizate batzordeburuak azaldu duenez, ikusi da komunitateak garrantzia handia duela bakardadeari aurre egiteko: "Bakardadea, egoera edo sentimendu bezala, oso zabaldua dago gizartean, baina ez da erraza horri soluzio bat ematea. Orain arteko urratsek balio izan dute berresteko bakardadea ez dela profil edo adin zehatz bati lotutako gaia, eta, beraz, horri eman beharreko erantzunak ere ezin duela bakarra edo azalekoa izan. Balio izan dute, era berean, bakardadearen gaia gizarteratzeko, eta ezkutuan egon den edo dagoen hori azaleratzeko. Oro har, ikusi da komunitateak garrantzia handia duela bakardade egoerei aurre egiteko saiakeran".
Eskualde mailako galdeketa egitea izan zen bakardadearen gaia lantzeko Debagoiena Ehunduz-ek egin zuen lehen urratsa, egoeraren diagnostikoa osatze aldera, eta hitzaldiak antolatu dituzte horren ondotik. Altube "pozik" azaldu da lanketa izaten ari den erantzunarekin: "18 urtetik gorako 150 oñatiar baino gehiagok erantzun zuten galdetegia, eta kultura etxeko sotoa bete egin da bakardadearen inguruko hitzaldian".