Eskarmentu eta izen handiko musikaria da Felix Ibarrondo (Oñati, 1943) eta horren erakusle dira, batetik, konposatu dituen obren zerrenda luzea, eta baita musika ibilbidean zehar jaso dituen sari mordoa ere; besteak beste, 2018an eman zioten Arte Ederretako domina eta 2019an konposizio atalean jaso zuen Espainiako Musika Sari Nazionaleko saria.

Parisen urte askoan bizi izan ondoren, Bermeon bizi da gaur egun eta konposatzen jarraitzen du. Euskal zein nazioarteko orkestra askoren errepertorioetan izan dira Ibarrondok konposatutako lanak, eta aste honetan estreinatu da haren Guernica izeneko obra, Euskadiko Orkestraren eskutik. Ana Maria Patiño Kolonbiako orkestra-zuzendari gazteak zuzenduta, Donostiako Kursaal Auditoriumean interpretatu zuten estreinakoz, astelehenean, eta atzo, eguena, egin zuten toki berean asteko laugarren emanaldia, aurrez, hurrenez hurren, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan eta Bilboko Euskalduna jauregian eskaini zituzten kontzertuen ondoren.
Dodekafonikoa eta atonala
Estreinaldiaren biharamunean, pozik bazegoen ere, sentsazio gazi-gozoak zituen konpositore oñatiarrak. "Kontziente naiz nire musika zaila dela ulertzeko, berezia da egiten dudan musika, zazpi nota beharrean hamabi erabiltzen ditut, eta, dodekafonikoaz gainera, atonala ere bada. Oso gaur egungo musika dela esango nuke, halako kontzertuetako errepertorioetan jasotzen diren pieza gehienekin alderatzen badugu. Horregatik, bada, musikariei eta, nola ez, orkestrako zuzendariari aurre-lanketa handia eskatzen diete nire obrek, nor naizen eta egiten dudan musika aurrez ondo begiratzea edo ikastea. Publikoaren aurrean estreinatu aurretik entsegu batean egon nintzen, orkestrako zuzendariari eta musikariei behar ziren azalpenak emateko, baina zalantza dut nahikoa izan zen hartu-emanetarako izan genuen tarte hura orkestrak nire obrari zuku guztia atera ahal izateko; hala ere, asteleheneko emanaldian soinu ona atera zioten nire partiturari, baina ez, akaso, nire barruan zegoen bestekoa. Publikoaren txaloak jaso zituen Guernica-k, baina errepertorioan pieza tradizionalagoak eta ezagunagoak diren Txaikovskiren Biolinerako kontzertua izenekoaren eta Musorgskiren Erakusketa bateko koadroak obraren artean jarri izanak ez zion, nire ustez, mesede handirik egin nire konposizioari; baina iritzi pertsonala da hori, noski".
Picasso margolariaren zalea
Gertu dago Gernika gaur egun bizitoki duen Bermeotik, eta, Pablo Ruiz Picasso margolariaren oso zalea denez, haren koadro ezagunenari buruzko obra bat idaztea erabaki zuen. "Estilo horretako musikarik sekula egin bakoa nintzen arren, koadro itzel horretan oinarritutako konposizio bat egitea pentsatu nuen, inork eskatu edo enkargatu barik. Koadro erraldoi horrek hainbat figura ditu; esaterako, zezenak, negar egiten duen haurra... Beraz, koadro horretako hainbat aspektu lantzen hasi nintzen, banaka, eta lau aspektu edo kontzeptu landu nituen guztira, eta, horrez gainera, margolanaren eduki orokorra ere bai, hau da; Gernikako eta inguruko herrietako bonbardaketak, eta hala sortu nuen zazpi minutu inguru dituen pieza. Orkestra batek interpretatzeko sortu nuen, baina ez orkestra zehatz baterako, baizik eta munduko edozein orkestrak interpretatu ahal izateko helburuarekin".
Oso gustuko duen Picassoren margolana du oinarri Ibarrondoren obra estreinatu berriak
Orain dela gutxi jakin zuen Ibarrondok Euskadiko Orkestrak bere pieza hori aukeratu zuela aste honetan Euskal Herriko hainbat aretotan egin dituzten kontzertuen errepertoriorako. "Musika konposatzen jarduten dut nik, baina gero ez naiz hara eta hona bidaltzen edo eskaintzen ibiltzen; gertuko dudan Maribel lagunak egiten du lan hori. Hau da, hura arduratzen da nire obraren hedapenarekin, eta haren ahaleginari esker jaso ditut hainbat sari handi edo garrantzitsu, eta baita askotariko kontzertuetako errepertorioetan nire konposizioak sartzeko proposamenak ere".
Hainbat disko grabatuta
Hainbat formazio eta instrumenturentzako askotariko piezak idatzi ditu Ibarrondok bere ibilbide luzean zehar, kontzertuetako errepertorioez gain, disko formatuan ere jaso direnak; horren erakusle da Felixibarrondo.com atarian duen argitaratutako bildumen zerrenda.