Lehenengo itzuliko inertzia baliatuta, igoeraren bila doa Aloña Mendi

Julen Murua Mesonero 2026ko urtarrilaren 30a

Aloña Mendiko jokalariak, gol bat ospatzen. Argazkia: Aloña Mendi.

Garaipenarekin ekin zion bigarren itzuliari, joan den asteburuan, Aloña Mendiko gizonezkoen lehen taldeak, Zarautzeko bigarren taldeari 2-0 irabazita. Hala, lehenengo itzuli borobila osatu dute Unai Garairenek, eta 16 partidutan 14 garaipen, berdinketa bat eta porrot bat erdietsita, sailkapeneko liderrak dira oñatiarrak.

Iaz Ohorezko Erregional Mailatik jaitsitako taldea izanik, aurreikusi zitekeen Aloña goiko postuen lehian ibiliko zela. Edozelan ere, aurreikuspenek gutxirako balio dute futbol zelaian parean dagoen taldea baino hobeak ez badira, eta txantxikuarrak izan dira; bai, behintzat, aurkari gehienen aurka.

Itzuliaren balorazio positiboa

"Jende gutxik" espero zezakeen Aloñak halako lehenengo itzulia egitea, Garaik dioenez. Itzuliaren "oso balorazio positiboa" egiten du oñatiarrak, eta emaitzei dagokienez "askoz gehiagorik ezin dela eskatu" dio Garaik. Gorengo mailako bi multzoetako talde batek ere ez ditu sartu Aloñak beste gol –46 gol sartu ditu–; ezta Aloñak bezain gutxi jaso ere –7 gol jaso ditu–. Asteko lanaren isla dela dio entrenatzaileak: "Zenbaki izugarriak dira, eta erakusten dute taldeak astean zehar zein asteburuetan egiten duen lana nolakoa den. Egiten duten lana eta esfortzua zenbakietan islatuta ikustea oso aberasgarria da, eta oso pozik gaude".

Taldearen indarguneak

Urte hasieran aldaketa dezente izan zituen taldeak; izan ere, iaztik hainbat jokalarik taldea utzi, eta harrobiko taldeetako jokalariekin osatu behar izan zuen Garaik taldea. Hala ere, egokitzapen prozesua "nahiko erraza" izan da: "Elkar ezagutzen zuten aurretik, harrobian elkarrekin jokatu izan dute, nahiz eta lehenengo taldean ez diren elkartu aurten arte; horrek asko laguntzen du egokitzapen prozesuan".

Taldearen indarguneei dagokienez, aurretik aipatutakoarekin lotzen du entrenatzaileak: "Guztiek ezagutzen dute elkar, eta esango nuke futbol talde bat izateaz gain lagun talde bat ere bagarela. Lagun talde bat garenez, lana errazago eta erosoago egiten da, eta horrek asko laguntzen du".

Igoera, lan onaren ondorioa

Lehenengo itzuli ia perfektua egin eta gero, Garaik dio "beti" daudela hobetu beharreko kontuak. "Hori izango da gure bigarren itzuliko lana; hobetu beharreko kontu horietan sakontzea, alegia. Halere, hobetu beharrak ez du esan nahi ezer aldatu behar dugunik; gaur egun lan egiten ari garen moduarekin emaitza onak lortzen ari gara. Hortaz, gauzak ahalik eta gutxien aldatzea onena", dio oñatiarrak. Helburuari dagokionez, "astetik asterako lanari" ematen diote garrantzia txantxikuarrek; Garairen arabera, "epe motzeko lanaren ondorioa izango da igoera", eta, beraz, ez dira "itsutzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak