'Panfleto bat atzenduraren kontra' liburua aurkeztuko du Pello Salaburuk (Arizkun, Nafarroa, 1951) gaur Oñatin, Zubixa.eus aldizkari digitalak antolatutako ekitaldian. Erein argitaletxeak kaleratutako liburua da eta egileak berak azaldu duen moduan, "biktimen memoria aldarrikatu" gura du bertan: "Ekarri nahi izan dut gogora zein garrantzitsua den ez atzentzea gauzak, ez ahaztea gauzak. Gizarteak, gizakiok, badugu iragana eta ezin dugu hori zokoan utzi eta berria egiten hasi".
Ideia nagusia "memoria aldarrikatzea" duen "saiakera klasikoa ez den liburu" honetan, euskal gertaerez gain, munduko beste hainbaten erreferentziak ere egiten dituela azaldu du egileak, Salaburuk, "Argentina, naziekin gertatu zena, Italiako kontuak edo Jugoslavia ohia, adibidez".
Aurkezpena eta tertulia
Liburuaren aurkezpenaz gain, tertuliarako tartea ere egongo da ekitaldian. Xabier Mugartzak egingo ditu aurkezle lanak eta egileaz gain, Maite Leanizbarrutiak hartuko du parte Mugartzak moderatuko duen solasaldian.
Aurkezpena kultura etxean da gaur, urtarrilak 28, 18:30ean.