Oñatiko turismo bulego berriaren obrak lizitatu dituzte

Gontzal Belategi Zubia 2026ko urtarrilaren 27a

Turismo bulego berria jasoko duen Sancti Spiritus unibertsitatea.

Oñatiko turismo bulego berriaren obren lizitazioa abiatu du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak. Oinarrizko aurrekontua milioi bat eurokoa izango da eta lanak sei hilabetekoak izango dira.

Sancti Spiritus unibertsitatean kokatuko den turismo bulego berriaren lizitazioa abiatu du Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak. Oinarrizko aurrekontua 1.008.060,57 eurokoa izango dela azaldu du Azahara Domínguez diputatuak. Behin obrak esleituta, hauek gauzatzeko epea sei hilabetekoa izango dela ere gaineratu du. Oñatiko Udalak izango du bulegoa kudeatzeko ardura.

Birgaitze-proiektuaren bigarren fasean

Urtarriletik martxan da Sancti Spiritus unibertsitatearen birgaitze-proiektuaren lehen fasea. Honek, unibertsitatearen kanpoko fatxadaren, klaustroaren eta estalkiaren zaharberritzea hartzen ditu bere gain. Lehen fase honetako lanak udazkenera arte luzatuko direla aurreikusten da.

Turismo bulego berria egiteko lanak berriz, proiektuaren bigarren fasean sartuko dira. Fase honetan, irisgarritasuna bermatzeko bestelako lanak ere egingo direla jakinarazi du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak. Hauen artean, segurtasuna hobetzeko eskailera berri bat jartzea eta igogailu berri baterako espazioa prestatzea aurkitzen dira. Honek "eraikinaren erabilera demokratizatzeko" balioko duela uste du Foru Aldundiak, "gaur egun dauden oztopo arkitektonikoak gaindituz". Horrez gain, larrialdi irteera berriak egokituko dira, eta aireztapen zein klimatizazio beharrei erantzuteko instalazioetarako espazioak jarri.

Baliabide turistikoak sustatzeko aukera

Azahara Domínguez diputatuaren ustetan, lan hauek Foru Aldundiaren apustu turistikoan sakontzeko balioko dute: "Oñatin egiten ari garen jarduera integralari esker, Gipuzkoako balio historiko eta artistiko handienetako bat berreskuratzeaz gain, bisitarien fluxuetan oreka handiagoa bilatzen duen gure apustu turistikoan sakondu ahal izango dugu". Honek, eskualdean aberastasuna sortuko duela ere adierazi du: "Turismo bulego berri honekin, Debagoienak gordetzen dituen baliabide turistikoak sustatuko ditugu eta, ondorioz, eskualdean aberastasuna sortuko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak