Istripua Autlanek Oñatin duen manganeso bioxido elektrolitikoaren ekoizpen-lantegian gertatu zen, langile bat elektrolisi-ontzietako katodoak garbitzeko lanetan ari zela. Epaitegiak Autlan EMDren erantzukizun solidarioa aitortu du, enpresa nagusi gisa, eta One Facility Service enpresarena ere, azpikontratatutako enpresa gisa.
LAB sindikatuak adierazi du epaiak agerian utzi duela istripua ez zela "ezbehar fortuitoa izan, ezta langilearen jokabideari egotz dakiokeen zerbait ere, baizik eta laneko arriskuen prebentzioan egiturazko gabezien ondorio zuzena, bai enpresa nagusiaren aldetik, bai azpikontrataren aldetik".
Horrez gain, epaitegiak azpimarratu du arriskuen ebaluazioa "osatu gabea" eta "nahikoa ez" zela, eta langilearen segurtasuna neurri handi batean haren jokabide indibidualaren menpe utzi zela. Epaiak langilearen arduragabekeria larririk egon denik baztertu du, eta "legeak enpresak behartzen dituela laneko arduragabekeria ohikoak aurreikustera, lana modu seguruan antolatuz" gogorarazi du.
Zera adierazi dute sindikatutik: "LABek irabazitako epai honek, berrio argi uzten du prebentzioa ezin dela mugatu paper, jarraibide edo ohartarazpenetara; aitzitik, baliabide tekniko egokiak, kontrol eraginkorra eta benetako kultura prebentiboan eskatzen ditu, ekoizpen-irizpideen gainetik langileen osasuna eta osotasuna lehenetsiko dituena". Epaia "lan-osasunaren defentsarako babesa" dela gaineratu dute, eta borrokan jarraitzeko asmoa agertu: "Enpresek prebentzio-betebeharrak betetzen ez dituztenean erantzukizunak argitu eta eskatzeko, baita langile guztientzat lan-ingurune seguruak bermatzeko ere".