Benidormen bukatu dute aurten ere Aloña Mendiko txirrindularitza saileko kadete mailako ziklistek ziklo-kros denboraldia; Munduko Kopa jokatu den zirkuituan lehiatu dira eurak ere, eskolarteko proban. Asteburu "borobila" izan dela diote: zortzi gaztetxo eta bi entrenatzaile "talde moduan" joan, "profesionalen zirkuitu berean" ibili, kide batek bigarren egin...
Hamar laguneko taldea, gurasoak eta senideak
Egubakoitz goizean Oñatitik irten, eta Benidormeko ziklo-kros zirkuitua ezagutzera egin zuten asteburuko lehen irteera; bizikletak hartu eta zirkuituan ziren arratsalde erdian, entrenatzaileetako bat eurekin zela. Zapatu goizean lehiatu ziren Egaralur eta Magdalena gasolindegiak babesten dituzten Aloña Mendiko zortzi txirrindulariak: hiru buelta 3.300 metroko ibilbideari. Bigarren egin zuen taldekide batek, gainera, Aimar Irizarrek. Profesionalen entrenamenduak ikusten pasa zituzten hurrengo orduak eta iluntzean, ihes-gela batean hartu zuten parte denek, gurasoek, txirrindulariek zein entrenatzaileak. Izan era, gurasoek antolatutako irteera izan da aurtengoa ere, baina bi talde egin dituzte: talde bat osatu dute zortzi txirrindulari gaztetxoek eta bi entrenatzaileek -eurendako hartu zuten hango pisu bat eta taldean antolatu dira lo egiteko, gosaria edo bazkaria prestatzeko, etxeko lanak egiteko, bizikletak gertu izateko... – eta beste taldean egon dira gurasoek eta anai-arrebak. Ihes-gelan ere horrelaxe lehiatu ziren: hiru talde egin zituzten kirolariek eta bi talde senideek. Hauek dira joan ziren kadete mailako txirrindulariak: Aimar Irizar, Peru Guenetxea, Xabi Jausoro, Telmo Urzelai, Luken Olalde, Oinatz Zumalde, Xabier Gabilondo eta Urko Ugarte. Entrenatzaileak: Danel Markuleta eta Iker Arkauz.
Domeka goizean kategoria ezberdinetako profesionalen probak jarraitu zituzten bertatik bertara, eta arratsaldean hartu zuten etxerako buelta.
Bukatu da ziklo-krosa
Honenbestez, Benidormera egindako irteerarekin amaitu dute ziklo-kroseko denboraldia. Hilabete inguruko atsedena izango dute orain kirolariek eta matxoaren hasieran errepideetako lasterketetara itzuliko dira.