Iokin Garai: "Gure selekzioaren ofizialtasunaren alde egitea da zereginetako bat"

Xabier Urtzelai 2026ko urtarrilaren 16a

Iokin Garai, aste barruan, Oñatin.

Lau urtez euskal selekzioko batzordekide izan ondoren izendatu dute Iokin Garai (Oñati, 1983) selekzioko hautatzaile. Maite Maiorarekin osatuko du tandema, eta orain arte egon diren Aideko Lopez de Arbinari eta Ainara Urrutiari –hura aretxabaletarra– hartuko diete erreleboa. Oñatikoari ilusioa antzematen zaio hastera doan denboraldira begira.

Orain arteko lan-ildoari jarraipena eman asmoz zaudete, ala iraultza dator?

Ez, ez; Ainararekin [Urrutia] berba asko egiten dut, harreman ona dugu, eta uste dut eurak hautatzaile egon direnean oso oinarri sendoak jarri dituztela, eta gure asmoa da proiektu horri, nolabait, jarraipena ematea. Maite [Maiora] eta biok saiatuko gara gure ukitua ematen, anbiziodunak izaten, baina ez da iraultzarik egongo.

Selekziora sartu zinetenean bai egon ziren aldaketa handiak; ordura arte, selekzioak nahiko talde egonkorra zuen, eta zuen nahia izan zen selekzioan egoteko irizpideak garbi zehaztea. Horrela jarraituko duzue?

Bai, eta, hain zuzen, aste barruan argitaratu ditugu Federazioaren webgunean [www.emf.eus] zeintzuk diren 2026ko irizpideak. Lehengo lan egiteko moduak bazituen abantaila batzuk, eta emaitza onak ere eman zituen, gainera. Baina bazituen desabantaila batzuk ere, nire ustez. Hasteko, esango nuke selekzioko kide batzuendako presio handia zela selekzioan egon eta ikustea lasterketa batzuetan beste atleta batzuk aurretik geratzen zirela. Eta, bestalde, selekzio itxiagoa zen, zailagoa zen bertara sartzea, eta horrek ezinegona sortzen zuen beste atleta batzuengan. Guk lan egiteko beste modu baten aldeko hautua egin genuen.

Zeintzuk dira, bada, selekzioan egoteko irizpideak?

Batetik, deialdiak ez dira egonkorrak, hautaketak dinamikoak dira. Selekzioan egoteko plaza batzuk modu objektiboan lortzen dira; esaterako, Euskal Mendi Federazioko (EMF) Txapelketa eta Kopetan irabazle direnak selekziora etorriko dira. Horrekin batera, bestelako emaitzak ere kontuan izango dira, eta horretarako selekzioko ordezkarioi gustatzen zaigu lasterketetan egotea, probak bertatik bertara ikustea, atletengandik gertu egotea, eurekin berba egitea... Lasterketetako aritmetika esaten diogu horri. Izan ere, sailkapenak ez du dena erakusten. Ez da gauza bera lasterketa irabaztea aurretik zihoana erori egin delako, edo norberak nagusitasuna erakutsi duelako. Eta irizpide objektiboekin batera izaera teknikoko beste irizpide batzuk ere izango ditugu kontuan; esaterako, atleta baten aldeko apustua egin behar dugula ikustea.

"Astean argitaratu dugu ze irizpide izango ditugun kontuan atletak selekziora deitzeko"

Iaz, guztira, 45 atletak jantzi zuten euskal selekzioaren elastikoa. Haiek aukeratzeko lan handia dago atzean...

Bai, sekulako lana dago, eta eskerrak batzordekideei, bestela ezinezkoa da-eta hautatzaileen artean dena egitea. Gure artean informazioa partekatzen dugu, ezinbestekoa da. Bestalde, uste dut oso kopuru polita dela; iaz 25 gizonezkoak izan ziren, eta 20 emakumezkoak.

Esan duzue ofizialtasunaren alde lan egiteko asmoz zaudetela.

Bai, iaz moduan aurten ere selekziora etortzeko ezinbestekoa izango da Euskal Herriko zazpi lurraldeetako baten erroldatuta egotea, Iparraldekoek eta nafarrek selekzioko ateak irekita dituzte. Egia da Espainiako Txapelketan ezin garela selekzio moduan lehiatu, baina bai, ordea, Skyrunning zirkuituan, eta nazioarteko probetan elastiko berdea ikustea ederra da. Hala, korrikalari nafarren eta Iparraldekoen jarraipena egiteko guretako klabea da Jone Zelaieta taldean izatea. Batzordekidea da, beratarra, eta hura arduratzen da lurralde haietako atletez. Ofizialtasunaren alde pilotan edo surfean, esaterako, aurrerapausoak eman dituzte, eta zergatik ez mendi lasterketetan? Badakigu trabak izango ditugula, baina gure zereginetako bat izan behar du.

Euskal selekzioko batzorde berria, abendu hasieran Bergaran egindako batzarrean. EMF

Aurreko hautatzaile Ainara Urrutiak esana da kargu horretako gauza zailenetako bat dela lana eta harremanak bereiztea.

Ados nago. Korrikalaria nintzenean atleta askorekin egin nuen harremana, eta azken urteotan ere, lasterketara batzordekide arduradun joan naizenean, beste atleta asko ezagutu ditut. Selekzioak eramaten zaitu talde horretako partaide izatera, harreman estuak egiten dira, oso jende jatorra ezagutu dut, eta halako bat selekziotik kanpo uztea gogorra da. Baina halako ardura bat hartzen dugunean kontziente izan behar dugu horretaz, eta uste dut Ainarak asmatu duela horretan, lan ona egin dute.

"Ederra litzateke Malen Osa selekzioan ikustea, baina kontratu zorrotzak dituzte"

Izaera teknikoko irizpideak aipatu dituzu. Sare sozialetan dituzten jarraitzaile kopurua, esaterako, kontuan izaten duzue?

Ez, guk ez, inondik inora. Baina bestelako taldeetan bai izaten dituzte halakoak kontuan, eta tristea iruditzen bazait ere, hori errealitate bat da. Guk kirol errendimendua izaten dugu kontuan. Bai eskatzen diegu, esaterako, euren sare sozialetara argazkiak igotzen dituztenean Federazioa etiketatzeko, baina besterik ez. Egia da, baita ere, komunikazioaren arloan bultzada bat eman nahian gabiltzala selekzioari, eta hainbat ideia ditugula esku artean.

Bertako mendi lasterkarietara etorrita, hautatzaileok baduzue gurean non aukeratu.

Bai, debagoiendarrak ikusten gabiltza selekzioan, lehen ere asko izan ziren selekzioa ordezkatu zutenak. Oraingoen gainean ez dut izenik nabarmendu nahi, norbait ahaztuko dudalako. Egia da niretako berezia dela bertako jendea selekziora ekartzea, inguruan entrenatzen direlako, gertuago ditudalako... Baina bai, bailara emankorra da gurea.

Baditugu, gainera, talde handietan dauden atletak. Ikusiko ditugu selekzioan?

Malen Osa, esaterako, erreferente dugu gaur egun, nahiz eta gaztea den. Guretako ederra izango litzateke hura selekzioko elastikoaz ikustea, eta baita Sara Alonso ere. Baina gaur egun oso kontratu zorrotzak dituzte euren taldeekin, eta ez da batere erraza. Gu, behintzat, saiatuko gara.

Oihana Kortazar, Ainara Urrutia... haiek zer esaten dute? Euskal selekzioko elastikoa janzteko gogoz daude oraindik?

Atzetik datozenei kostako zaie haiei lekua kentzea! Bai, bai, selekzioan oso ondo dakigu zer-nolako maila erakusteko kapaz diren atleta haiek. Erreleboa hartzeko gazteek lan handia egin beharko dute [Barre]. Aurreratuko dizut, esaterako, Espainiako ultra txapelketan Kortazar gurekin izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak