Pablo Garcia: "Formakuntzan sakontzea eta lehiakorrak izatea dira aurtengo helburu nagusiak"

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko urtarrilaren 16a

Pablo Garcia oñatiarra.

Pablo Garcia (Oñati, 1978) da Aloña Mendiko senior nesken eskubaloiko entrenatzailea irailaren 12tik. Azken bi urteetan ez du talderik izan, baina etxeko taldean jokalari moduan hasi zenetik egon da eskubaloiari lotuta; eskarmentu handia dauka. Liderraren aurka jokatuko dute zapatuan, Zubikoan, 18:00etan.

Bueltan Aloña Mendin.

Jokalari hasi nintzen Aloña Mendin, eta entrenatzaile ere jardun dut. Hamabost bat urte egin ditut kanpoko taldeetan –Arrasaten, adibidez–, elkarte osoko prestatzaile, gehienbat. Azken bi urteetan ezin izan dut talderik hartu, lan kontuengatik, baina irailean, Zubikoara joan nintzen batean, talde honek entrenatzailea behar zuela esan zidaten, eta gertu nengoela erantzun nien.

Zer moduzkoa izan da hasiera?

Oso ona, egia esan, kontuan hartuta nik ez nituela ez jokalariak ezta kategoria hori ezagutzen, eta, alderantziz, eurek ere ez ni. Iñaki Xabarte, Iñaki Dorado eta Juani Altzelai ere nirekin batera daude talde teknikoan, baita atezainekin lan ona egiten ari den Kepa Urzelai ere, eta jokalariekin batera oso giro ona daukagu taldean.

Euskal Ligan jokatzen ari da aurten taldea. Zer eskatzen du horrek eta nola ari zarete horri erantzuten?

Lurralde mailatik Euskal Ligara badago saltoa. Aloñako jokalari gehienak lehen aldiz ari dira maila horretan jokatzen, baina euren aurkariak diren hainbat taldek badute esperientzia hor, eta igarri egiten da hori. Hala ere, esango nuke oso ondo ari garela erantzuten. Orain arte, bederatzi partidu jokatu ditugu, eta horietatik hiru galdu ditugu, hirurak gure aurretik sailkatuta daudenen kontra, eta etxetik kanpo.

Helbururik jarri duzue?

Maila mantentzea bai, baina aurtengo helburu nagusia formakuntzan sakontzea eta lehiatzea dira. Denek jokatzen dute, eta formakuntzan jarri dugu oinarria. Bi edo urte barru goragoko mailan jokatzeko moduko taldea izan dezake Aloñak.

Nolako entrenamenduak egiten dituzue?

Bada, beste era bat edo modu propio bat daukat nik entrenamenduak egiteko, eta horri jarraiki egiten ditugu. Esango nuke orain arteko eboluzioa ona izan dela.

Liderraren kontra jokatuko duzue zapatuan etxean. Nolako partidua izango da?

Partidu gogorra. Bi maila goragoko kategoriatan ibilitako jokalariak ditu Oriok. Azken partiduan ere maila handiko jokalariak zeuden, eta lehen zatia bakarrik aguantatu genuen. Orioren kontrakoan ere lehiatzea, lehiakorrak izatea, izango da lehen helburua, eta, amaierara bizirik helduz gero, irabazten saiatuko gara. Jokalariak esfortzu handia ari dira egiten, eta garaipena ordain ederra izango litzateke.

Estrategiarik prestatu duzue?

Gure estrategia ondo zehaztuta dago: garrantzitsuena, denak direla partaide; horrez gain, defentsa. Oriok jokalari oso azkarrak ditu, eta, estrategia orokorraz gain, jokalari konkretuei begirako espezifikoak ere landu ditugu.

Etxean da partidua, eta harmailak bete egiten dira Zubikoan. Igartzen da zaleen babesa? 

Izugarri, eta goraipatu egin gurako nuke hori; jende asko etortzen da partiduak ikustera eta asko eskertzen da berotasun hori. Orain arteko datuei begiratuta, bide batez, etxean jokatu ditugun partidu guztiak irabazi egin ditugu.

50 urte egingo ditu aurten Aloña Mendiko eskubaloi sailak.

Jokalari moduan ospatu nuen 25. urteurrena eta entrenatzaile moduan egingo dut 50.a. Esango nuke, gainera, baduela etorkizuna eskubaloiak Oñatin; elkarteko azpiko kategorietan 180 neska baino gehiago ari dira kirol honetan. Neskek fitxa gehiago dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak