"Kalitatezko antzezlanak" ikusteko aukera Oñatin, datozen asteetan

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko urtarrilaren 15a

Ramon Agirre, 'Nor naizen baneki' antzezlanean.

Antzezlanak izango dira protagonista datozen astetan Santa Ana antzokian. Domekan, hilaren 18an, esaterako, Artedrama eta Axut konpainien 'Nor naizen baneki' izango da, eta hurrengo domekan, hilaren 25ean, haurrendako 'Kimu' antzezlana.

Nor naizen baneki eta Kimu antzezlanez gain, Tanttaka antzerki konpainiaren Desobedienteak 18/98 antzezlana ere iragarri dute otsailaren 8rako, 19:00etan. Horiez gain, Supituki inprobisazio saioa ere egongo da aurrerago, apirilaren 19an, gaztelekuan, 12:30ean. Sarrerak salgai daude Udal webgunean eta Txokolateixan.

Iñaki Olalde Kultura zinegotzia, antzezlanek herrian izaten duten harrerari buruz jardun da: "Badago antzerkian parte-hartzea jendearen aldetik. Askotan konpainia konkretu batzuk, euren izaerarengatik, ezagutzarengatik edo egindako obrengatik, aretoak betetzera iristen dira. Beste batzuk, berriz, 60, 80 edo 90 laguneko bueltan ibiltzen dira".

Domekan, 'Nor naizen baneki'

Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs egileen Nor naizen baneki antzezlana egongo da domekan. Ramon Agirre aktore ezagunak parte hartzen du bertan, besteak beste, eta indusketa arkeologiko bat kontatzen du lanak, horretarako, gainera, Aranzadi Fundazioarekin elkarlanean jardun dira, dramaturgia errealitatean oinarritzeko. Arkeologoek eta adituek antzokiaren historia sekretua aztertuko dute. Bi mila urtetan metatu diren gudu ezagunak, gai ez hain ezagunak eta trauma lurperatuak argitara emanez, ikuslea Inkisizioaren, Frantziako Iraultzaren, Karlistaden eta 1936ko gerlaren ikuspegietan murgilduko da, familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa eta indarkeria koloniala bezalako gaiak jorratzeko, besteak beste. Baina, ez da lurra bakarrik esploratuko: pertsonaiak ere barne-bilaketa baten murgilduko baitira, gauzatu beharreko erabaki garrantzitsuen eta haien kontraesanen artean harrapatuta.

'Kimu' eta beste batzuk ere bai

Kimu, natura eta irudimena oinarri dituen ikuskizuna da eta sei urtetik aurrerako haurrendako da. Jokin Oregi da egilea eta zuzendaria, eta taula gainean egongo da, Ana Martinezekin batera. Errealismo magikotik kontatutako istorioa hurrengo domekan egongo da Oñatin, hilaren 25ean.

Otsailean, Desobedienteak 18/98 antzezlana taularatuko da. Debagoiendarrak ere badaude tartean, izan ere, zuzendarien artean dago Mireia Gabilondo bergararra –Fernando Bernues-ekin batera– eta aktoreen artean Kepa Errasti aretxabaletarra.

Apirilean, berriz, inprobisazio saioa egongo da Supituki-rekin gaztelekuan eta bertako partaide da Egoitz Aizpuru oñatiarra.

Antzerkira joateko gonbidapena

Olaldek herritarrak antzerkira gonbidatu ditu: "Jendea animatu dadila antzokira, ez bakarrik konpainia edota aktore konkretuak dauden antzezlanetara. Izan ere, badaude konpainia asko aktoreak agian oraindik ez direnak hain ezagunak, baina antzezlanak oso onak izaten direnak. Kalitatezko antzerkia ekartzen da, aurpegi hain ezagunak ez izan arren. Jendea parte hartzera animatuko nuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak