Arantzazuri buruzko liburua argitaratu du Iñaki Lasak

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko urtarrilaren 15a

'Arantzazu ama errespetuzko begirada bat' liburua.

'Arantzazu ama errespetuzko begirada bat' liburua idatzi du Iñaki Lasak (Matxinbenta, 1952); aspalditik haren barruan "egosten" ari zenaren emaitza da hori. Arantzazuk mendia, natura, kultura, artea eta energia berezia dituela dio Lasak eta Arantzazu maite duelako idatzi du liburua.

Aspalditik Iñaki Lasaren barruan egosten ibili den ideiaren emaitza argitaratu du Lasak, Arantzazuri buruzko liburuan: "Zazpi urte egin nituen nire gazte garaian Arantzazuko frantziskotar seminarioan eta orduan konturatu ez nintzen hainbat gauza deskubritu ditut orain", adierazi du. Eta hau gaineratu: "Azken hamar urteetan neure baitan emandako mundu-ikuskera berri batek, orain arte bizi izandakoaren hausnarketa egitera eraman nau eta ikuspegi berri bat ireki dit nire barne espiritualtasuneko pentsamenduan. Antzeko egoeran daudenei begiak irekitzen laguntzeko ideiarekin idatzitako liburua da".

Liburuaren helburua

Jaungoiko teista zaharra ez den beste indar, energia, bizi-arnas, natura eta ama adieraztea da liburuaren helburua, Lasaren esatetan. Bestalde, Euskal Herrian 300 Ama Birjina baino gehiago zenbatzen dira, eta kopuru horrek bultzatu du hainbeste Ama Birjinen zergatiak hausnartzera.

Pello Zabalari idatzitakoa

Arantzazuko seminarioan egondakoa da Lasa eta liburua Pello Zabalari idatzitako "eskutitz luze bat" dela dio, Zabala izan baitzen haren lagun eta gidari espirituala.

Bitoriano Gandiaga ere kontutan izan du. Izan ere, dio Arantzazu tokiaren eta inguruaren "erakusle aparta" zela; Joxe
Azurmendiren Azken egunak Gandiagarekin liburuari esker jasotako altxorrak.

Iñaki Lasa, liburuaren idazlea.

Egungo egoeraren hausnarketa

Arantzazuren gaur egungo egoeraren inguruko hausnarketa ere egin du liburuan Lasak: "Bada hamarkada bat Arantzazu trantsizio egoera batean sartu zela. Arantzazu osatzen duten eraikin batzuk birmoldatu egin dira eta funtzio berri batzuk eman zaizkie. Hala nola, esate baterako, seminarioa zena Gandiaga Topagunea da orain eta garai batean Gogoeta etxea zena, Asis Topagunea. Gizarte eragile eta elkarteak ere sortu dira Arantzazuren zainketarako: Arantzazu Gaur Fundazioa, Arantzazuko adiskideak, Arantzazulab eta beste batzuk".

Hori guztia sortu arren, Arantzazuren etorkizunak "iluna" izaten jarraitzen duela azpimarratu du. 

Arantzazu, Ama Birjina aurkitu zutenetik –1468.urtean–, santutegi erlijioso, kristau, katoliko bat izan da eta hala izaten jarraitu nahi duela dio: "Egun, euskaldun gehienak sekularizatuak daude, asko dira agnostikoak eta nahikotxo ateoak. XXI. mendean ezin da IV. mendeko kontzilioko dogma eta araudiarekin bizi. Gaurko gizon-emakumeok beste mundu ikuskera bat dugu".

Eta beste hau gaineratu du: "Askotan irakurri eta entzun dut Arantzazuk bakea ematen duela, Arantzazu leku espirituala dela, Arantzazuk inguratu egiten zaituela eta antzeko adierazpenak. Nire ustez, sentimendu horiek denak bideratu egin behar dira baina ez erlijio kristau, katoliko baten espiritualtasunaren bideetatik, gaur egun Arantzazun egiten den bezala, beti lehengora bueltatuz, baizik eta mundu ikuspegi berri batetatik abiatuz. Ikuspegi berri hau gaur eguneko adin-nagusitasunak emandakoa bada ere, ez da berria; duela 2500 urte hasitakoa, munduko beste herrialde batzuetan eman zena: India, Txina eta Greziako kulturetan batez ere".

Beste begirada bat

Arantzazuri, "gaur egun denari, ezertxo ere kendu gabe, beste begi batzuekin begiratzen hasteko garaia" dela dio, "barneko sentiera sakonenarekin Arantzazuk berak eskaintzen digun espirituarekin bat eginez". Azken hamarkada honetan Arantzazu "arte-museo" bihurtu dutela dio eta, Arantzazu "hori ere bada", baina hori dena baino "zerbait gehiago da", esan du.

Liburua salgai

Liburua dagoeneko eros daiteke herriko liburudendetan: Haritzan, Altunan eta Ibarrondon. Baita Arrasateko edota Bergarako Elkar liburudendetan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak