Gazteak euskaraz batzeko helburuarekin jarri du abian Euskal Herrian Euskaraz elkarteak Tindeher egitasmoa. Eremu soziolinguistiko ezberdinetako Euskal Herriko gazteak harremanetan jarri, gaztetxe edo gazte taldeen bitartez, eta saretzea da helburua, "euskaratik eta euskaraz". Egitasmoan izena eman zuen Oñatiko Aixotu taldeak. Tafalla egokitu zitzaion zozketa bidez, eta hango hainbat gazte euskaltzale etorriko dira hilaren 24an Oñatira, Aixotu taldeak jakinarazi duen moduan.
Egun osoko egitaraua antolatu dute Antixena gaztetxean egun horretarako. Mahai ingurua egingo dute eguerdian, bazkariaren aurretik, eta gai horren bueltan, "zer dioten eta zer diogun guk" landuko dute; herri bietako gazteek hartuko dute parte. Arratsaldeko 17:00etako tertulian, berriz, Oñatiko Gazte Mugimendua eta gaztetxea izango dituzte berbagai. Eguna amaitzeko, 21:00etatik aurrera, musika egongo da zuzenean: Olaia eta Amaiurrek kontzertu akustikoa eskainiko dute eta Zentzu Okerra taldea eta Kelly Enea DJ-a ere entzungo dira. Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko Arrano tabernan.