2026ko Espainiako Goya sarietako pelikula faboritoen artean dago Moriarti euskal ekoiztetxearen Maspalomas filma. Izendapen gehien jaso dituen hirugarrena da Arregi eta Goenagak zuzendutako lana, Los domingos (13 izendapen) eta Sirat (11 izendapen) filmen atzetik. Hain zuzen ere, pelikula, zuzendaritza, gizonezko aktore protagonista, bigarren mailako aktore, gidoi original, musika original, fotografia zuzendaritza, arte zuzendaritza, eta makillaje eta ile apainketa onenaren sarietako izendapenak jaso ditu filmak.
Jose Ramon Soroiz eta Nagore Aranburu dira aktore nagusiak, eta, horietaz gain, parte hartu dute baita Kandido Urangak, Zorion Eguileorrek eta Kepa Errasti aretxabaletarrak ere. Hala, Vicenteren bizitzan oinarritzen da pelikula. 76 urterekin, iktus baten ondorioz adinekoen egoitza batean bizi den eta homosexuala izatea ezkutatzen duen gizon baten istorioa.
Donostia Zinemaldiaren sail ofizialean lehiatu ondoren, irailaren 26ean estreinatu zen pelikula zinema aretoetan. Hasieratik ikusmin handia sortu zuen, eta Debagoienean, kasu, estreinaldiak denbora gutxian bete zituen bailarako zinema aretoak.
Sari banaketa, Bartzelonan
Goya sarien 40. edizioa izango da aurtengoa, eta sari banaketa otsailaren 28an egingo da, Bartzelonako Auditori Forum CCIB auditorioan.