Bozketa fasera heldu da Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua. Hau da, herritarrek eman behar dute orain euren botoa, iritzia, eta modu horretan erabaki prozesu horretako zein proiektu egingo diren urte bi hauetan.
Zazpi aukeratu behar dira
Azken fase honetara 23 proposamen heldu dira eta horietako zazpi aukeratu behar ditu herritar bakoitzak; ez gehiago eta ez gutxiago, bestela ez da-eta balekoa izango boto hori. Astelehenean, urtarrilak 12, zabalduko da botoa emateko epea, eta 30a izango da horretarako azken eguna. Botoa Oñatin erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako herritar guztiek eman ahal izango dute –hilaren 12an 16 urte beteta dutenak–. Boto bakarra eman ahal izango du bakoitzak.
Partaidetzazko Aurrekontuen barruan 405 proposamen jaso ziren herritarrengandik, eta horietatik 145ek egin zuten aurrera prozesuak ezartzen dituen lehen baldintzak kontuan hartuta. Horiek bi multzotan sailkatu zituzten gero, eta herritarrekin bi saio ireki egin lehentasunak finkatzeko. Leheneste saio haietan puntuazio altuena jaso zuten 50 proposamenak pasa ziren bideragarritasun fasera, eta hor teknikariek aztertu zituzten juridikoki eta ekonomikoki, bozketa fasera zeintzuk pasako ziren erabakitzeko. Horrela, hasieran egindako 405 proposamenetatik 23 pasa dira bozketa fasera eta horietatik zazpi aukeratu behar dira orain.
Bi urtetan egiteko
Hurrengo bi asteetan egongo da zabalik botoa emateko epea; online, eraikin publikoetan dauden postontziak erabilita edo kutxa ibiltarietan egin ahal izango da. Amaitutakoan, botoak baliagarriak diren egiaztatuko dute lehenbizi, eta botoak jaso dituzten proiektuak aztertu gero, aurrekontua agortu arte; 600.000 euro inbertituko dira herritarrek proposatutako proiektuetan. Aukeratutakoak 2026an eta 2027an egingo dituzte.
Herritarrek egindako proposamen gehienak hirigintzari eta espazioei loturikoak dira, mugikortasunari eta irisgarritasunari lotutakoen aurretik. Badira baita kulturari, turismoari, ondareari ongizateari eta kirolari lotutakoak ere. Proposamen gehienak euskaraz egin dira; jasotakoen %78, zehazki. Adinari begiratuta, 30 eta 49 urte artekoak %49 dira; genero ikuspegitik, %58 emakumeak.
Bozketara heldutako proposamenak
Txikiak: 10.000 euro - 50.000 euro
Ertainak: 50.000 euro - 110.000 euro
- San Anton kalearen oinezko lotura hobetzea Maiatzaren Bata plazarekin eta kale Zaharrarekin. 60.000 euro.
- Kurtzekuan jolas parkea egitea. 80.000 euro.
- Errekaren kontra, parrokiatik postetxerainoko ibilbidearen irisgarritasuna hobetzea. 80.000 euro
- Atez ateko hondakinak jasotzeko zintzilikarioak babesteko panelak jartzea. 100.000 euro
- Hilerri inguruan komun publikoa jartzea. 100.000 euro.
- Kiroldegi aurreko jolas parkea berritzea. 100.000 euro.
- Errekalde auzoan komun publikoa jartzea. 100.000 euro.
- Herriguneko sei iturri historikoak eraberritzea. 108.000 euro
Handiak: 150.000 euro - 225.000 euro
- Plazako komun publikoak eraberritzea. 150.000 euro.
- Herrigunean zehar zuhaitzak landatzea. 150.000 euro.
- Hilerri barruko irisgarritasuna hobetzea. 225.000 euro.
- Plazako adokinak konpontzea, euri-uren saretik eragindako koskak ezabatzeko. 225.000 euro.
- Herriko hainbat autobus-geltokitan, autobusaren eta espaloiaren arteko tartea irisgarriagoa egitea. 225.000 euro.