Aisialdi-gune bihurtzea zen helburua, eta abuztuan hasi zituzten hori horrela izateko lanak. Abenduaren erdian bukatu zituzten, eta, ordutik, "egoteko toki lasaia" da, Udaleko Hirigintza batzordeburu Iñigo Ruizen esanetan. Ura hodien bitartez bideratu dute, azpitik, eta bi putzuen lurra hormigoiz bete. Gainean anfiteatro itxurako harmailak egokitu dituzte eta putzuen gunetik kirol kantxara joateko bidea irisgarria da. Gune hartako bereizgarri den beste elementu bat, zubia, ez dute kendu, mantendu egin da hori: "Espazio hori lotuta egongo da ondoko kirol gunearekin, baina errepidearen beste aldean ere badago jolasgune bat, ziburuekin, eta bi guneen arteko komunikazioa erraztu gura izan da lan horiekin". Izarraizpe Paisajistak enpresak osatu zuen proiektua jarraituz, Egurkik egin ditu lanak; 80.000 euro zen aurrekontua.
Landaretza aldetik ere egingo dira aldaketak espazio hartan. Ruizen esanetan, tamaina txikiko eta ertaineko zuhaixkak landatuko dituzte.