Kontzertuak haragoko kultura eskaintza Oñatiko gaztelekuan datozen hilabeteetan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko urtarrilaren 9a

Peru Altube, erdian, lagun izan dituen Kontserbatorioko ikaskideekin. Argazkia: Iratxe Etxeandia.

Arrasateko Peru Altube Kazalisen Neguko izarrak lanak zabalduko du etzi, domeka, 12:30ean, egitaraua. Oñati.eus atarian eta Txokolateixan daude dagoeneko kontzertu guztietarako sarrerak eskuragarri.

Olaia Inziarte, Sukena, Indabe, Brigade Loco, Laino beltzak, Malko eta Janus Lester taldeekin gozatzeko aukera izan zen urria eta abendua bitartean Oñatiko gaztelekuan; publikoaren harrera beroa izan zuten guztiek, –emanaldi batzuetan sarrerak agortu ziren–, eta Sold Out-ak harago, musikariek sarritan esaten dute taularen gainetik, areto "kuttuna" dela. Bigarren hiru-hileko egitaraua prest dute Verdury Hall-eko gaztelekuko dinamizatzaileek, eta musika da programazioaren oinarri, baina bestelako proposamenei ere, tokia eginda.

Jazz-experimentala, etzi

Peru Altube Kazalisek (Arrasate, 1995) abiatuko du etzi, domeka, 12:30ean, egitaraua eta Bateria-jazz Interpretazioa ikasketetako gradu amaierako Neguko izarrak lana aurkeztuko du, eta Jokin Barriola (baxua), Jon Gomez (pianoa), Jose Garcia (gitarra), Peio Martinez (saxoa), Aimar Palacios (tronpeta) eta Malentxo Zeberio (ahotsa) izango ditu taularen gainean lagun. "Zazpi kanturekin osatutako ordubeteko emanaldia egingo dugu. Lan kontzeptuala da; nire asmoa zen naturako elementuak oinarri hartuta bizitzaren zikloa plasmatzea, jaiotzatik heriotzara. Hortaz, egin dudana zera da: lau elementuak nire konposizioak dira; jaiotza Xabier Leteren Izarren hautsa kantuaren konponketa bat da; eta heriotza, Mikel Laboaren Negu hurbilak abestiaren konponketa bat, biak ala biak, jazz estilora gerturatuta. Irailean Beasaingo Pottoko estudioan [Fredi Pelaezekin] grabatu genuen diskoa eta eskuragarri izango da kontzertuan", azaldu du Peru Altubek.

Erpin askotako rock-a

Mungiako Lukiek hirukoteak eta Burutik talde iruindarrak hartuko du lekukoa urtarrilaren 31an, 22:00etan hasita. "Aurkezpen biretan murgilduta daude biak ala biak: rock alternatiboa ikur duten mungiarrek, iaz argitaratu zuten #3 lana aurkeztuko dute eta Ipuinak izeneko lanarekin dator Burutik, armonia konplexuez osatutako pop-rock-a erakusteko gagoz", azaldu dute antolatzaileek.

Kontzertuak, bertsolaritza eta inprobisazio saioak, apirila bitartean, Oñatiko gaztelekuan

Post-punk zaleek martxoaren 7an dute Bartzelonako Pinpilinpussies eta Parisko Frustation taldeekin gozatzeko aukera eta doinu lasaiagoak gurago dutenendako, martxoaren 22an, Belharra taldea gonbidatu dute: "Bluegrass estiloa egiten dute; ahots armoniekin eta, besteak beste, mandolinaren, kontrabaxuaren eta banjoaren doinuekin".

Bertsoak, ez ohiko formatuan

Zuzeneko musika elektronikoa eta bat-bateko bertsolaritza batzen dituen 1TZA4L1 3T4 P1ZTU otsailaren 13an izango da eta inprobisazio saioak borobilduko du eskaintza apirilaren 19an. "Aitor Tatiegi herriko bertsolariak parte hartzen du bertso-egitasmo bitxi horretan, eta umorea, sormena eta magia eszenikoa izango dira, bete-betean gozagarri Supituki show-arekin".

Kontzertuen zerrenda

  • Neguko Izarrak Peru Altube Kazalis arrasatearrak gidatutako musika-proiektua. Urtarrilaren 11n, 12:30ean. Sarrerak 10 eurotan.
  • Lukiek eta Burutik taldeak Urtarrilaren 31n, 22:00etan. Sarrerak aurrez 12 eurotan eta leihatilan 15 eurotan.
  • 1TZAL41 3T4 P1ZTU Otsailaren 13an, 19:30ean. Sarrerak 10 eurotan.
  • Pinpilinpussies eta Frustation taldeak Martxoaren 7an, 22:00etan. Sarrerak aurrez 12 eurotan eta leihatilan 15 eurotan.
  • Belharra Martxoaren 22an, 12:30ean. Sarrerak 10 eurotan.
  • Supituki (inprobisazio saioa) Apirilaren 19an, 12:30ean. Sarrerak 8 eurotan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak