Nondik datorkizu zinemarekiko pasioa?
Txikitan aitarengandik jasotako pelikula zein komiki istorioetatik datorrela esango nuke. Ume nintzenetik asko gustatu izan zait fantasia mundua eta nire burutik pasatzen diren gauzak nonbait irudikatzea. Aitak westernen zein superheroien filmekiko duen pasioa transmititu dit, eta, geroztik, oso imajinatiko eta fantasioso bihurtzen joan naizela esango nuke.
Bost urte daramatzazu Madrilen. Nolakoak izan dira?
Gauza berri eta ezezagunak ikusteko joan nintzen, eta etxe bat aurkitu dut han. Urteak pasatu ahala, gauza asko ikasi eta bizitzen joan naiz, neure burua ideia zein bide berrietara itxi gabe.
Madrilgo ala Euskal Herriko giroa duzu nahiago?
Bi aldeak ditut gustuko. Leku ezberdinak eta bizitza erritmo ezberdinak dituztela uste dut. Egun, hiri erraldoi horretako erritmoak nekea sortu dezakeela uste dut, bere gauza on eta txarrekin. Bi lekuetatik onena ateratzen eta disfrutatzen jakin behar dela ikasi dut, neurri egokian. Hori bai, etxean baino hobeto inon ez da egoten.
Zer behar du zuzendari batek ona izateko eta jendartera iristeko?
Zaila da hori definitzea, baina esango nuke istorio bat publiko handiarengana eramateak eta hori jendeari ikusarazteak asko esan nahi duela. Gauzak jendartean irudikatzea eta tripetan zerbait mugitzea da klabea. Norberaren ahotsa pantaila batetik helaraztea.
Zertan datza attrezzoan lan egitea?
Oso departamentu zaila da azaltzeko. Funtzio ezberdin asko daude. Eszena bateko parte diren objektu guztiez arduratzen gara, eta gure lana objektu horiek bilatu, fabrikatu eta zaintzea da. Zinemako arotzak gara. Era sinplean esanda, pelikula batek daukan unibertsoari forma zein bizitza ematen diogu. Dekoratua beste pertsonaia bat edota horren hedapen bat bihurtzea da gure lana.
Zinemaren munduan, askotan, lanak aldizkakoak izaten dira. Zure kasua al da? Nola moldatzen zara?
Anabasa da batzuetan. Industria ezegonkorra izan ohi da, oso gogorra izateaz batera. Adibidez, orain arte proiektuetan murgilduta ibili naiz buru-belarri, baina urtarrila, momentuz, lasaiago dator. Halaber, iristen diren proiektuak gogoz hartu eta horrek dakartzan fruituak ateratzen ikasi dut, eta, pixkanaka-pixkanaka, bidean ezagutzen diren teknikak jendearekin garatzen hurrengoari aplikatu ahal izateko. Burugogorra eta mentalki indartsua izan behar da lan honetarako.
Gipuzkoan jardun duzu azkenaldian grabatzen. Asko mugitzen zara alde batetik bestera?
Euskal Herriko zinemaren egoera ona ikusita, Gipuzkoara bueltatzeko aukera jarri zidaten mahai gainean, eta gustu handiz eman nuen baiezkoa. Gehienbat, Madrilen egin izan dut lan, han daudelako nik hasieratik ateratako kontaktuak, eta nukleoa han daukat. Etorkizunerako ditudan planekin bat dator Euskal Herria, eta hemen inguruan egiten diren gauzek ilusio handia sortzen didate. Hazitxoa jarri dut, eta espero dut pixkanaka bi leku horiek gehiagotan txandakatu ahal izatea.
MOTZEAN
Film edo pelikula bat? Gaur bertan, El jockey esango nizuke. Bidaiatzeko leku bat? Thailandia. Zuzendaritza ala attrezzoa nahiago? Attrezzoa. Madrilgo toki bat? La Dehesa. Pasio bat? Sukaldaritza.