Hasi dira Oñatiko Inauteriak prestatzeko dantzako entseguak

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko urtarrilaren 9a

Hainbat herritar dantzak entseatzen, iazko entsegu batean.

Bihar, zapatua, 12:00etan Eltzian egingo dute urte berriko lehen entsegua. Astero, martitzenetan 19:00etan eta zapatu eguerdietan egiten dituzte.

Otsailaren 14an ospatuko dira Oñatiko Inauteriak, eta abenduan hasi ziren entseguekin: martitzenetan 19:00etan eta zapatuetan 12:00etan egiten dituzte, Eltzian. "Dantzak aurretik dakizkiten herritar asko Gabon ostean hasten dira entseguetara etortzen, eta esan nahi dugu dakien jendea entseguetan egotea ere garrantzitsua dela, guztiok inplikatu gaitezen herri Inauteri hau antolatzeko, elkar lagunduz", adierazi du lantaldeko kide Arkaitz Bengoak.

Azken urteetan 300 pertsona inguruk parte hartu izan dute, eta aurten ere kopuru antzerakoa edo zertxobait gutxiago espero dute. 2008. urtean edo aurretik jaiotakoek har dezakete parte, entseguetara joanda.

Inauterietako zapatu horretan bazkaria egingo dute, kiroldegian, eta tiketak salgai jartzen dituztenean haien @onatikoinauteriak Instagram kontutik jakinaraziko dute. Berrikuntzaren batzuk egongo direla aurreratu dute.

Bestetik, Eguen Gizen egunean, otsailaren 12an, Inauteri Txikia ospatuko dute herriko hiru ikastetxeetako LHko 5. eta 6. mailetakoak; dantzan egingo dute.

Hamalaugarren urtez

Oñatiko Inauteriak herrira begira auzolanean sortutako ekimena dela gogorarazi du Bengoak, eta gaineratu du ikusten dutela umeek "bertako kontu bat bezala sentitzen dutela", nahiz eta nagusiagoendako zerbait "berriagoa" izan, eta hasi direla sortzen "bizipen desberdinak" belaunaldien artean. Modu batera edo bestera, parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak