Felipe Uriarte: "Mendizaleari oso maitagarria egiten zaion marmota da liburuko protagonista"

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko urtarrilaren 9a

Felipe Uriarte, 'Marmotarena' liburua eskuetan duela.

Mendiaz gain, idaztea ere gustatzen zaio Felipe Uriarte (Pasai Donibane, 1944) mendizaleari, nahiz eta lotsa ematen dion bere burua idazletzat aurkezteak. 'Marmotarenak' ipuin ilustratua autoeditatu du, eta dagoeneko salgai dago herriko hiru liburu dendetan: Ibarrondon, Haritzan eta Altunan.

Nondik abiatu zen Marmotarenak ipuina egiteko ideia?

Mendian geunden, eta, aterperantz jaitsi ginenean, burua beste nonbaiten neukala, makila zulo batean sartu nuen, eta marmota baten bizitokia zen; marmotek edo muxarrek etxeak lur azpian egiten dituzte. Ia erori egin nintzen, eta pentsatu nuen: "Agian, marmota bati eman diot begian eta izorratu egin dut, nahiz eta ez nion muxarrari begian jo makilarekin". Baina gelditu nintzen istorio txiki horrekin, eta aterpera heldu eta ideia hori nire liburuxkan idatzi nuen. Handik denbora batera, hortik tiraka sortu da ipuin ilustratua.

Aita bat eta bi alaba dira protagonistak liburuan.

Bai; aita eta bi alaba mendira joan dira egun gutxi batzuk igarotzera; motxiletan kanpin-denda, lo-zakua, sukaldetxoa, janaria... hartuta joan dira, ondo pasatzera. Eta, halako batean, neskatiletako batek muxarra edo marmota bat ezagutzen du eta muxarrak bere bizimodua kontatzen dio. Istorio txiki bat da, pretentsio handi gabe egindakoa, mendian gertatzen diren edozein gauza eder horietako baten kontakizuna.

Kasu honetan, marmota da protagonista. Nolako animalia da?

Pirinioetan, Alpeetan eta Alaskan ibiliz gero, marmota da animalia bat, izaki bat, oso maitagarria egiten zaiona mendizaleari. Haren izaera, nola mugitzen den, nolako txistuak botatzen dituen izaki arrotz bat ikusten duenean... Bizimodu berezia dute, gainera; goi-mendian bizi dira. Gaur egun, haien bizi-eremuak elurrez estalita daude; beraz, lur azpian sartzen dira eta lau bat hilabete pasatzen dituzte zuloan sartuta. Gune guztiek dituzte beren ezaugarriak, eta goi-mendiak ere baditu, eta aukera bat da, guk egin bezala, han egun-pasa bat egitea, baina urte osoan han bizi diren izakiak ere badaude.

Zer ikasi dezakegu gizakiok naturan bizi den izaki batengandik?

Esan bezala, marmotak lur azpian sartzen dira eta lau hilabete pasatzen dituzte zulo batean. Beraz, ikas dezakegu gutxiagorekin ere bizi gaitezkeela; batzuetan, ito egiten gara hau edo bestea falta zaigulako, eta gizakiok planeta honetan gutxirekin aukera daukagu aurrera ateratzeko.

Zein irakurle motarendako da?

Iruditzen zait niretzat idatzi dudala, eta badakit gazte batzuek ere gustura irakurri dutela. Esango nuke irakurlea nahiko eremu zabalekoa izan litekeela; 14 eta 90 urte artekoendako izan daiteke. Nolabait, istorioan aita eta bi alaba doaz mendira; hau da, mendia bada tokia adin askotariko jendea biltzekoa. Eta, hortik abiatuta, idatzi ondoren bururatzen zait ipuin hau ez dela leku txarra aita eta seme-alabak irakurketara biltzeko, mendia bezala.

Irene San Sebastianenak dira ipuineko ilustrazioak. Nolako elkarlana izan da?

Leo San Sebastian nire lagun tolosarraren alaba da, txikitatik ezagutzen dugu elkar. Gaur egun, Granadan bizi da, hara joan zelako Arte Ederrak ikastera, eta han gelditu da bizitzen. Harremana zoragarria izan da, eta oso aberatsa; 27 urte ditu, eta erabat sartu da istorioan, eta irakurketa ederra egin du.

Idazketa Lantegian parte hartzen duzu. Zer eman dizu horrek?

Beste gauza batzuen artean, ipuin hau. Idazketa Lantegia Joxe Mari Iturraldek zuzentzen du, eta erru handia du ipuin honetan. Egindako lana aurkeztu nion, zuzenketa batzuk egin zituen eta haren eskua ere liburu honetan presente dago. Idaztea oso ofizio zaila egiten zait; formakuntza handia behar da, ondo menperatu behar da hizkuntza, zure ahotsa eta estiloa bilatu behar dituzu... Eta eman dit aukera ofizio horretara hurbiltzeko. Horrekin ez naiz idazle bihurtzen, baina aukera eman dit ideia bat baldin badaukat, hortik tiraka, lantegian ikasitakoa praktikan jartzeko istorio bat aurrera eramateko.

Beti daramazu aldean liburuxka bat ideiak apuntatzeko?

Bai; Nepalen, Marokon eta Pirinioetan baldin banago, liburuxka txiki bat eta boligrafo bat eramaten ditut nire motxilan. Telefonoak ere ematen du horretarako aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak