Lepo bete da Zubikoa errege bezperako bertso saioan

Gontzal Belategi Zubia 2026ko urtarrilaren 6a

Ohitura mantenduz, errege bezperako bertso saioa antolatu du Txinparta bertso eskolak Zubikoa kiroldegiko frontoian. Sebastian Lizaso, Miren Amuriza, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Aitor Tatiegi oñatiarra izan ziren oholtza gainean kantuan.

Beste urte batez, errege bezperako bertso saioa egin zuen atzo, astelehena, Txinparta bertso eskolak Zubikoa kiroldegiko frontoian. Aurtengo edizioak izan du berrikuntzarik, bertso eskolako kideek ordua 22:00etatik 19:00etara aldatzea erabaki dute eta. Aldaketa onerako izan dela dirudi, osotara 450 pertsona inguru hurbildu ziren eta frontoira bertsoak entzuteko asmotan.

Aritz Iza gai-jartzaile oñatiarrak gidatu zuen saioa, eta honen aginduetara izan ziren Sebastian Lizaso, Miren Amuriza, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Aitor Tatiegi bertsolari oñatiarra. Ikusleek harrera beroa egin zioten herrikideari, txalo zaparrada handi bat eginaz aurkezpenean.

Ikusleak bertso saioan zehar.

Hausnarketarako tartea

"Esparo dugu ondo pasatzeaz gain hausnartzeko tarte bat ere hartu izana, hori ere garrantzitsua da eta" esan zuen Izak emanaldiaren amaieran, eta saioan zehar izan zen horretarako tarterik. Horrelako plazetan umorea nagusitzen den arren, Oñatin izan zen gai serioak jorratzeko aukera. Modu horretan hasi zituzten, esaterako, ofizioak. Arazo ezberdinak medio, alkohol kontsumora jotzen duen pertsonaren papera jarri zioten Colinari, eta kezkatuta dagoen kuadrillako lagunarena Tatiegiri. Kafe bat hartzeko geratu eta guztia ondo zegoela esan zion Colinak lagunari, bertsoz bertso, Tatiegik errealitatea azaleraztea lortu arte.

Aipatzeko modukoak izan ziren baita ere bakarkako ariketak. Colinak txundituta utzi zuen Zubikoa, jarrera erreakzionarioak dituen aitaren paperetik kantari. Urruñarrak, bertso ederrak kantatu zituen, ideiak estuki lotuta eta erritmo azkarrean, publikoari txalo egiteko aukera ere eman gabe. Lujanbiok osatu zuen bakarkako beste ariketa. Bizi osoan altruista izan arren, gizakiarengan esperantza galdu duen pertsonaren papera esleitu zion Izak. Aktualitateko hainbat gairi heldu zien hernaniarrak, esaterako, Palestina eta Venezuela.

Umorea nagusi

Hausnarketez harago, saio umoretsua izan zen atzokoa. Publikoa barrez lehertuarazi zuten, esaterako Iturriagak eta Lujanbiok eskaparate txapelketan parte hartu duten bi dendariren paperetik. Iturriagak, horren ohiko duen umore puntuarekin, eskaparatean biluzik eta gabonetako apaingarriekin jartzen dela azaldu zuen. Saioan zehar behin baino gehiagotan erabili zuten bertsolariek aurrez durangarrak aipatutako elementu hau.

Aipatzeko moduko beste ofizio bat Iturriagak eta Colinak osatutakoa izan zen. Drogak saltzen dituen goxoki denda bateko arduradun mesfidatia zen Iturriaga, eta droga nola eskatu ez zekien bezeroa Colina. Substantzia ezberdinen inguruko txisteak egin zituzten, Colinak botatako "Hirina nahi dut baina, gluten gabekoa", esaterako. Iturriagak, azkenean, droga salmentarako pasahitz bat aipatu zuen, gainontzeko bertsoaldietan ere aipamen bat baino gehiago izan zituena: Aupa Athletic!

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak