Urko Egaña eta Sara Mantxola oñatiarrek irabazi dute Iparragirre Saria

Xabier Urtzelai 2026ko urtarrilaren 3a

Sari banaketa ekitaldiko artxibo irudi bat; oraindik ez dute aurreratu aurtengo ekitaldia noiz egingo duten. Irudia: Urretxuko Udala.

Urretxu eta Zumarragako Udaletako kultura batzordeek antolatzen duten Iparragirre literatur sarietako bi Oñatira joango dira, Urko Egaña eta Sara Mantxola nabarmendu direlako.

Urko Egaña Calderon Bertsopaperen atalean nabarmendu da, 16 urtetik gorakoen sailean, Bekaiztiaren bekaizkeria lanarekin. Eta, beste horrenbeste egin du Sara Mantxola Akizuk, Sentimenduaren metamorfosia lanarekin, euskarazko poesiaren saria eskuratuta. Hala, lan guztiak 715 eurorekin, diplomarekin eta liburuaren edizioarekin sarituko dituzte. Bi debagoiendar horiekin batera gainontzeko irabazleak izan dira Ibai Olano, Igor Mercado, Juan Carlos Fernandez eta Rafael Bravo. Sari banaketa ekitaldia noiz egingo duten aurrerago esango dute antolatzaileek.

Balio literarioei aukerak eman asmoz sortutako sariketa

Iparragirre Saria Urretxuko eta Zumarragako Udalek antolatzen dute, "balio literario berriei ahotsa emateko asmoz". Bi Udaletako Kultura Batzordeek erabaki zuten lehiaketak Jose Maria Iparragirre poetaren izena hartzea 1997ko ediziotik, kultur sorkuntza bere osotasunean sustatzeko helburu horri lagunduz. Hala, saritutako lanak argitaratu egiten dituzte, argitalpen-proposamen baten bidez. Proposamen horrek hasierako asmoa osatzen du, eta ahalik eta gehien zabaltzen ditu lan irabazleak. Liburuak, aurreko edizioetan bezala, Felix Marañak zuzentzen duen Bermingham Argitaletxeak argitaratu ditu. Sari banaketa data aurrerago jakinaraziko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak