Potx Magoak hasi zuen gala. Oholtzara gonbidatu zituen lau ikus-entzule eta animalien karta-jokoa egin zuen haiekin. Helburua zen emanaldia hasi aurretik, gaztelekuan gordeta zuen kartazal batean idatzita zuen animaliaren izena asmatzea. "Mentalismo" ariketa batekin, lortu zuten: hipopotamoa zen.
Ostean igo zen oholtzara Iago mago azpeitiarra. Hark ere mentalismo ariketak egin zituen. Publikoan zeuden hiru pertsonak aukeratutako edaria asmatzen ahalegindu zen, eta baita lortu ere. Gainera, etxetik ekarritako gozoki pote batean zenbat gozoko zeuden asmatzeko aukera eman zien galara joandakoei. 1.000 eta 2.000 goxoki arteko zifra asmatu behar zuten. Publikoan zegoen emakumezko batek 1.243 gozoki esan zuen, eta potean 1.246 gozoki zeuden. Ez zuen asmatu; baina, harrigarriena ostean etorri zen. Iago magoak etxetik idatzita ekarri zuen kopurura gehien hurbildu zen pertsonaren ezaugarriak: emakumea, betaurrekoekin, txamarra beltzarekin eta jertse zuriarekin, eta hiru gozokiren aldea. Bete-betean asmatu zuen. Ikusleak zur eta lur geratu ziren.
Azken magoa Xabier Lizaso donostiarra izan zen. Bere saioa hasteko trikimailu bat egin zuen soka batzuekin. Sokak apurtu eta berriro lotu, korapiloa askatu, soka luzatu.... Ostean, heldu bat gonbidatu zuen oholtzara, "mentalismoa" erabiliz, etxetik ekarritako koadro batean zein karta zegoen asmatzeko.
Magia gala bukatzeko, Xabi Lizasok gidatutako trikimailua egin zuten. Sarreran, ikusle guztiek lau karta jaso zituzten, eta azken trikimailu horretan erabili zuten. Lau kartak erditik apurtu eta zati bat poltsikoan gorde zuten guztiek. Ostean, kartak ondo nahastu eta maite nau; ez nau maite patroia jarraituz, kartak bota zituzten, eskuan bat geratu arte. Maite nau tokatzen zenean, karta zatia piloaren hondora pasatzen zen; eta ez nau maite” tokatzen zenean, airera botatzen zen karta zatia. Eta ze karta zati geratu zitzaien eskutan? Ba hasieran poltsikoan gorde zutenaren beste erdia!
Poteoa
Gala egin aurretik, eguerdian, Oñatiko hainbat tabernatan ibili ziren Potx, Iago eta Xabier Lizaso, poteoan zeudenekin jolasean. Haiekin karta jokoak eta beste hainbat objektu erabili zituzten.
