Tere Zubia Uriartek jaso du Pake Leku elkarteak bazkide bati egindako laugarren aitortza saria. 91 urte ditu –hiru alaba, hiru biloba eta birbiloba bat– eta jarraitzen du Ikusi Makusi antzerki taldean parte hartzen, orratz lanen ikastaroetara joaten eta pinturan –50 urtetan egin zuen lana kale Zaharreko Uriarte janari dendan–. Adina ez dela gauzak egiteko muga adierazi du Zubiak sarri eta hain zuzen ere horregatik eman diote aurtengo aitortza saria berari. "Urteak betetzea ez da oztopo gauzak egiteko, ikasten jarraitzeko eta ametsak betetzeko aukera baizik, eta Tere horren adibidea da", zioen Pake Lekuko presidenteak, Migel Angel Kortabarriak, atzo Pake Leku bertan egindako ekitaldian. Etxekoak ondoan zituela jaso zituen lore-sorta eta plaka Zubiak, "pozik".

Elkarteko Aloña abesbatzako kideak ere izan ziren ekitaldian, eta abestuz hartu zuten parte.

Bestalde, bingora jolasten duten bazkideen artean ere sariak banatu zituzten.

