255 umeei helarazi dizkie jostailuak Gurutze Gorriak

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko abenduaren 19a

Jostailuak banatzen (Argazkia: Gurutze Gorria).

Jostailu-hezitzailea programaren bitartez, zaurgarriak diren bailarako 137 familiandako jostailuak bildu eta banatu ditu Gurutze Gorriak.

Ekimen solidario honen bitartez, 12 urtetik beherako 255 umek baino gehiagok opariak jaso ahal izan dituzte euren etxeetan Gurutze Gorriaren eskutik, Gabonen bezperan.  "Gurutze Gorrian eskertzen ditugu urtean zehar jasotako dohaintza guztiak, baina egun hauetan, gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden haurrentzako jostailuek are esanahi handiagoa hartzen dute. Jolasak, haurtzaroan, poza ez ezik, etorkizun hobe batekin amets egiteko eta harreman positibo eta eraikitzaileak indartzeko aukerak ere sortzen ditu", dio Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak.

Debagoieneko udaletako gizarte-zerbitzuekin lankidetzan identifikatu ditu familia horiek Gurutze Gorriak aldez aurretik. Udalez gain, beste erakunde batzuk ere hartzen dute parte ekimen honetan, Garagune Zentroari lotutako pertsonak eta Arrasateko Eroski Hipermerkatua, esaterako. Gurutze Gorriko Debagoieneko 20 boluntariok baino gehiagok bultzatu dute kanpaina: "Guztiei, eskerrik asko erantzun eskuzabalagatik", dio Igartuak.

Igartuak gogora ekarri du Debagoienean boluntariotzak duen garrantzia eta lankidetzan aritzeko moduei buruzko informazioa nahi izanez gero, bi bide hauetako bat erabil daitekeela gaineratu du: 943 76 55 76 edo altodeba@cruzroja.es.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak