Alberto Elorza: "Domekan itxiko dugu Zelai Zabal; bezeroei mila esker, familia bat izan gara"

Amaia Txintxurreta Guridi 2025eko abenduaren 19a

Alberto Elorza, Zelai Zabal jatetxearen kanpoan, astelehenean.

Arantzazu auzoko Zelai Zabal jatetxeak ateak itxiko ditu domekan, 127 urtez zerbitzua ematen egon ostean. Azken 40 urteetako jabeak izan dira Maria Pilar 'Mariatxo' eta Alberto Elorza anai-arrebak, haien aitona-amonek zabaldutako negozioari jarraipena ematen.

Erreleborik ez dutenez, etzi, domeka, itxiko dute Zelai Zabal jatetxea. Bertako jabe eta sukaldari Alberto Elorzarekin izan gara.

Nola zaude?

Sasoi honetan urtero oporrak hartzen ditugu, baina oraingoan erretiroa hartuko dugu, ez daukagulako erreleborik. Nire arrebak ez dauka seme-alabarik eta nire alaba medikua da. Beraz, aurten ixtea erabaki dugu.

Familiako hiru belaunaldi izan zarete bertan lanean, ezta?

Bai; nik ez nituen ezagutu ez aitajauna ezta amandrea ere, baina haiek bizi ziren etxabola bat den bordan. Eta ezkontzeko, gaur egun Zelai Zabal bezala ezagutzen dugun etxea egin zuten. Nire aitajaun Simon hemengoa zen, eta sukaldari ona zen Maria Telleriarekin ezkondu zen. Hasieratik zabaldu zuten taberna moduan, fonda moduan; Zelai Zabal betidanik egon izan da ostalaritzari lotuta. Garai hartan maiorazkoa izaten zen etxearekin gelditzen zena, eta nire aita Alberto zen anaia nagusia; Olabarrieta auzoko Maria Pilar Ayastui nire amarekin ezkondu zen. Handik aurrera, nire aitaren hiru arreba egon ziren hemen lanean, nire ama eta aita ere bai, nahiz eta aita gehiago arduratzen zen ganaduarekin eta lursailekin. Gero etorri ginen nire arreba Mariatxo eta ni, etxeko hirugarren belaunaldia izan gara.

Hilaren 31n beteko dituzu 63 urte, eta 22 ingururekin hasi zinen sukaldean lanean.

Ostalaritza ikasketak egin nituen Donostian; bigarren edo hirugarren promoziokoa izango naiz. Etxean ez nuen besterik ezagutu; gaur egun sukaldea dagoen lekuan jaio nintzen, baina egin nituen ikasketak ere gustatu zitzaizkidan. Nire garaian, gainera, oso ohikoa zen beste batzuen jatetxeetara ere ikastera joatea. Frantsesak izan dira gure aurretik joan izan direnak sukaldaritza kontuetan, eta gero etorri zen belaunaldi bat guretzako izan direnak aitabitxiak bezala: Juan Mari Arzak, Ramon Roteta, Jose Juan Castillo, Martin Berasategi... Beti ikasten duzu horiengandik ere zerbait. Ikastea eta gauzak ezagutzea ondo dago, baina beti esaten dut ez direla kopiatu behar, zure modura moldatu behar dira platerak.

Nolakoak izan dira azken egunak?

Jende asko etorri zaigu esaten hemen ospatu zutela ezkontza, gurasoek ere bai, zilarrezko eta urrezko ezteiak ere ospatu zituztela gurean, seme-alaben ospakizun garrantzitsuak ere hemen egin dituztela... eta oso eskertuta gaude.

Bezeroei zer esan nahi diezu?

Mila-mila esker; familia bat izan gara. Zortea izan dugu gure bezeroen %80-%90 inguru berdinak direlako. Gero, jokatzen dugu udako beste bezero horiekin, iruzkin onengatik kanpotik etortzen den jendearekin, eta hori ere asko eskertzen dugu. Baina gure bezero ia gehienak ezagutzen ditugu eta harreman oso ona daukagu.

Erretiroa hartutakoan zer egiteko asmoa duzu?

Egun guztia erlojuari begira egon barik, trankilago egon. Gura dut gobernuz kanpoko erakunderen batekin-edo kolaboratu; agian, Lesbosera joan jendeari janaria emateko, ez dakigu besterik egiten eta. Baina hemen bizita, mendira ere joateko asmoa badaukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak