Iaz Santa Anan egin zuten magia gala aurten lekuz aldatu dute, eta gaztelekuan izango da, parte hartuko duten magoen trikimailuak gertuagotik ikusi ahal izateko; abenduaren 29an izango da, astelehena, 18:00etan, eta sarrerak salgai daude udal webgunean eta Txokolateixan.
Aurten, bigarren urtez egingo da magia gala, eta elkarlanean ibili dira hori antolatzen Josu Zubia oñatiarrak bizia ematen dion Potx magoa, Oñatiko Udala eta Euskal Herriko beste hainbat mago. Lehenengo aldiaren helburua izan zen Euskal Herriko magoen sarea osatzea, eta hori indartu egingo du bigarrenak.
Eguerdian, magia-poteoa
Oraingo honetan, arratsaldean egingo den magia galaz gain, 12:00etan magia-poteoa egingo dute. "Inguruan egiten diren beste magia gala batzuei erreparatu, eta interesgarria iruditu zitzaigun oholtza gainean egongo diren magoez aparte, beste mago gazteago batzuei aukera ematea. Horrenbestez, eguerdian magia-poteoa egingo dugu, plaza inguruko tabernetan. Horrek, gainera, egunari beste handitasun bat ematen dio, ez baita ekintza bakarra; goizean eta arratsaldean egingo ditugu ekintzak, eta zerbait osoagoa izango da", adierazi du Josu Zubiak.
Eguerdian, Potx eta Iago magoez gain, Oñatiko Danel Diaz de Gereñu gaztea ere izango da magia trikimailuak egiten. Kartak, txanponak eta sokak erabiliko dituzte jendearekin distantzia motzean, trikimailu "harrigarriak" egiteko asmoz eta jendeari ilusioa eragiteko.
Zubiaren esanetan, bai eguerdiko eta baita arratsaldeko saioa ere ume, gazte, zein nagusiendako aproposa izango da: "Eguerdian kalera irtengo gara, hori aukera bat delako galara joango ez diren horiek ere magiarekin disfruta dezaten. Egia da helduoi, eta bereziki umeak ez dituztenei, normalean kosta egiten zaiela magia ikustera joatea, eta eguerdiko saioa beste modu bat da magia eurengana eramateko". Arratsaldean askotariko magia trikimailuak ikusi ahalko dira; mentalismoa ere bai.
Arratsaldeko galako parte-hartzaileak
Hiru magok hartuko dute parte arratsaldeko galan: Xabi Lizaso donostiarrak, Iago Mago azpeitiarrak eta Potx oñatiarrak.
Xabi Lizaso kartomagian aditua da eta benetako mirariak egiten ditu bi eskuak erabilita eta karta sorta batekin. Horrez gain, gaztelekuko eszenatokira "magia harrigarria" ere eramango duela iragarri dute antolatzaileek. Ikus-entzuleak aho bete hortz uzteko asmoz joango da galara.
Karten manipulazioan abila da Iago Mago azpeitiarra, eta horren erakustaldi bat egingo du Oñatin. Horrez gain, jendearen buruetan sartzea ere oso gustuko du eta mentalismo apur bat ere egingo du. Oñatiarrak ahozabalik uzteko moduko trikimailuak ere eramango ditu.
Magia eta barrea batzen dituen magoa izanik, "trikimailu umoretsuak" eramango ditu Potxek, baina magia "berri eta harrigarri" batekin. Ikuskizun berria prestatzen ari da Potx, eta bertako trikimailu "harrigarrienak" eramango ditu gaztelekura, opari gisa, ikus-entzuleendako.