Euskal eta europar zinemagintza sustatzea, publikoarekin loturak indartzea eta zinema-aretoen balio kulturala aitortu eta bultzatzea dira Aretoetan, zinema beti handi ekimenaren helburuak. EZAE-k, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, 24 zinema eta 85 pantailak osatzen dute, eta Debagoienean, Oñatikoa da elkarteko partaide bakarra.
Ekimenaren ondorioz, Gabonetan hainbat proiekzio prezio merkeagoan egongo dira Oñatiko zinema aretoan; batzuk, aurretik herrian eman dituztenak dira, eta beste batzuk, berriz, proiekzio berriak izango dira.
Oñatin, lehenago ere eman diren bi eta beste bi berri ikusi ahal izango dira: Ciudad sin sueño, abenduaren 23an; Sirat, 30ean; Jone batzuetan, urtarrilaren 2an; eta La deuda, 6an. Emanaldi guztiak 19:30etan izango dira.
Bestetik, Zinema euskaraz familiartean zikloaren barruan, haur eta gaztetxoendako programazioa indartuko da eta euskarara bikoiztutako beste lau film emango dituzte: Kayara inka gerraria, abenduaren 22an; Looney Tunes, lurrak eztanda egin zuen eguna, 29an; Minecraft film bat, 30ean; eta Heidi katamotzaren erreskatea, urtarrilaren 2an. Film horiek Oñatin eman dira, baina berriro ikusi ahalko dira egun horietan 17:00etan, 2 euroren truke.