Iokin Garai oñatiarra da Euskal selekzioko hautatzaile berria

Xabier Urtzelai 2025eko abenduaren 17a

Iokin Garai eskumatik hirugarrena, Euskal selekzioko batzorde berriko argazkian, Bergaran. Argazkia: Euskal Mendi Federazioa.

Euskal Mendi Federazioak Maite Maiora eta Iokin Garai oñatiarra aukeratu dituzte Euskal selekzioan hautatzaile lanetan jarduteko, eta orain arte egon diren Aideko Lopez de Arbina eta Ainara Urrutia aretxabaletarra ordezkatuko dituzte.

Abendu hasieran egin zuten EMFren Mendi Lasterketetako Batzordearen bilera, eta bertan aurkeztu zituzten Euskal Selekzioko mendi lasterketetako hautatzaile berriak: Maite Maiora (1980) mendarotarra eta Iokin Garai (1983) oñatiarra. "Esperientzia handia eta taldearen garapenerako ikuspegi berritua" ekartzeko helburuarekin. Maioraren kasuan atleta moduan kirolari nabarmena izan da. "Trail running-ean ia diziplina guztietan lehiatu du eta askotan defendatu ditu Euskal Selekzioko koloreak. Bere palmaresean munduko tituluak, Munduko eta Espainiako txapelketak eta Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia bezalako garaipen enblematikoak daude", nabarmendu dute selekziotik. Hala, hautatzaile kargua “ilusio handiz eta bere esperientzia eta ezagutzak belaunaldi berriekin partekatzeko helburuarekin” hartzen duela adierazi du.

Ofizioz irakaslea, Iokin Garai bereziki ultra distantzietan nabarmendu zen lasterkari moduan –Hiru Haundiak irabazi zituen 2016an–. 2021eko irailean, baina, medikuek mokorreko desgastea zeukala baieztatu ziotenean ez zuen zalantza egin, lasterketak alboratzea erabaki zuen. Hala ere, txantxikuarrak ez zuen trail munduarekin lotura eten nahi, eta orduan Euskal selekzioan lasterketetako batzordean sartzeko egin zioten proposamena onartu zuen, aholkulari moduan. Ez zen momentu erraza selekzioan sartzeko, zuzendaritzatik hartutako erabaki batzuk haserrea eragin zutelako lasterkari batzuengan, eta Garaik adierazi zuen, besteak beste, arazo horiek barrutik konpontzen saiatzeko helburuarekin onartu zuen proposamena. Orain, berriz, hautatzaile lanak egingo ditu Maiorarekin batera. Eta hain zuzen, 2024tik selekzioko hautatzaile moduan egon den Ainara Urrutia aretxabaletarra ordezkatuko dute, eta baita lehenagotik zegoen Aideko Lopez de Arbina.

Mendi Lasterketetako Batzordearen talde berria

Hautatzaile berrieak aurkeztearekin batera mendi lasterketetako batzordean izango diren gainontzeko kideak ere aurkeztu zituzten, eta talde horretan ez dago debagoiendarrik. Hala, taldea honako hauek osatuko dute: Ioseba Usabiaga, Jone Zelaieta, Iosu Juaristi, Gotzon Zulaika, Janire Agirre, Atharratze Beristain, Paul Goitisolo, eta Mireia Trigueros.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak