Bost sari emango dituzte Udalak antolatu duen aurtengo Gabonetako erakusleiho lehiaketan. Horietatik hiru, epaimahaiak erabakiko ditu –500, 300 eta 200 euroko sariak–. Erakusleihoaren konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna baloratuko dituzte epaimahaikideek.
Beste bi sari, berriz, herritarrek emango dute: 5 eta 12 urte artekoek Haurren saria eta 12 urtetiko gorakoek, Herritarren saria. Bi horiek emateko epea gaur, abenduak 17, bukatzen da, 14:00etan. Herritarren saria emateko, internetez eman behar da botoa udal webgunean sartuta; Haurren sarirako botoak, berriz, Kontzejupetik aldizkarian banatutako esku orriak beteta egin behar da. Boto horiek erabakitzen duten saltokiak 300 euro jasoko ditu, eta internet bidez emandako botoen irabazleak, 500 euro. Gainera, 100 euro zozkatuko dira kategoria bakoitzean parte hartu dutenen artean, 100 euroko bonuak herriko dendetan erabiltzeko.
Aurten 26 komertziok hartu dute parte erakusleiho lehiaketan. Bihar, eguena, eguerdian egingo dute sari banaketa. Parte hartu duten dendek apainduta izan beharko dituzte erakusleihoak abenduaren 31ra arte, gutxienez.