Hamar ibilgailuk eman dute izena zapatuan egingo den ginkana rallyrako

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko abenduaren 17a

Aurretik egindako RallyKlik! bateko argazkia (Argazkia: Eme)

Emakumeak Automobilismoan elkarteak antolatu du zapatuko RallyKlik! proba. Parte hartzen duten ibilgailuek esandako hainbat gunetara joan beharko dira eta agindutako erronka bete han, argazkia bidalita. Ibilbidea ahalik eta kilometro gutxien eginda bukatzea sarituko dute. 

Ginkana eran antolatu dute zapatuan Oñatin egingo den RallyKlik! proba. 10:00etan elkartuko dira parte hartuko duten ibilgailuak unibertsitatearen aurrean eta han jasoko dute eginbeharra. "Bai edo bai joan beharreko leku batzuk emango zaizkie eta gune bakoitzean zer egin behar duten azalduko. Adibidez, Arantzazura joan eta han objektu gorri batekin argazkia atera. Gune bakoitzean erronka bat bete beharko dute eta argazki bat bidali hori egin dutela erakusteko. Hiru ordu izango dituzte esandako ibilbidea egin eta erronkak burutzeko. Denbora barruan ibilbidea kilometro gutxien eginda bukatzen duen autoak irabaziko du proba", azaldu du Emakumeak Automobilismoan elkarteko kide den Oihane Urangak.

Proban parte hartuko duten autoak ez dira zertan rallyetan parte hartzen dutenak izan behar, kaleko autoekin ere har daiteke parte, "eta auto barruan kabitzen diren adina pertsona joan daitezke: bakarrik, bizpahiru lagun, familia osoa... Disfrutatzeko proba bat da". Oraingoz hamar autok eman dute izena eta azken ordukorik balego, helbide honetara idatzita batu daiteke zapatuko proba honetara: emakumeakautomobilismoan@gmail.com. Denak elkarrekin bazkaltzea eta sariak banatzea da RallyKlik!-a bukatu osteko plana.

Emakumeak Automobilismoan elkartea, Eme, emakumeak kirol horretan ikustarazteko eta rallyetan parte hartu ezin dutenak kirol horretaz gozatzeko aukera emateko sortu zuten duela pare bat urte pasa. Iazko ekainean. adibidez, San Migel Rallysprinta automobilismo proba antolatu zuten Elgoibar eta Etxebarri artean, zortzi urteko etenaren ostean.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak