Pake Lekuko Ikusi Makusi antzerki taldeko kidea da, besteak beste, Tere Zubia Uriarte. Abadez jantzita eta abade lanetan agertu da taldearen 'Oporretara goaz' azken antzezlanean. Baina antzerki taldean parte hartzeaz gain, elkarteko beste hainbat ekintzetan ere hartu izan du parte Zubiak, eta duen loturagatik eta elkarteari egindako ekarpenagatik emango diote berari aurtengo Pake Lekuko boluntariotza saria, elkarteko zuzendaritzako kideek azaldu duten moduan: "Oso lotura estua du elkartearekin. Bidaia askotara joan da eta orratz lanen eta pintura ikastaroetan ere ibili izan da. Antzerkian, oraindik ere bai".
Saria emateko ekitaldia bihar, eguena, izango da Pake Leku elkartean bertan, 19:00etan.
Laugarrena
2022an eman zuen elkarteak lehenengo Pake Leku saria bertako bazkide bati aitortza eginez; Jose Antonio Urteagak jaso zuen urte hartan. Axun Arzuaga eta Migel Guridi 'Txome' izan ziren hurrengoak. Aurtengoa, saria ematen duten laugarren aldia izango da.