Oñatiko kafetegi-okindegi baten egiten du lan Facundo Belardinellik, eta haren ametsa da negozio propioa zabaltzea etorkizunean.
Nolako haurtzaroa izan zenuen?
Oso lasaia eta polita. Garai hartan ez zen telefonorik erabiltzen; beraz... Oraingo haurtzaroa baino dibertigarriagoa, ezta? Izan ere, gaur egun, teknologiarekin denbora asko pasatzen dute. Hemen baino apur bat pobreagoa, baina ezin naiz kexatu, haurtzaro ona izan dut.
Nolatan etorri zinen Oñatira?
Nire lehen abizena italiarra da, baina bigarrena euskalduna da. Aitona eta amona duela 20 urte etorri ziren hona, eta betidanik jakin dut Euskal Herriko txoko hau existitzen zela eta noizbait etorriko nintzela.
Horrelakoa espero zenuen?
Euskaldunak oso hotzak direla esaten da, baina pixka bat biguntzen dituzunean, oso xamurrak dira. Oso pozik nago, jende oso ona baitago herrian. Amona oraindik bizi da, eta hura hemen egoteak asko lagundu nau. Iritsi nintzenean baneukan lotarako lekua, eta badakit beste jende askok ez daukala nik izan nuen zortea, askoz zailago dute. Gainera, argentinarra naiz eta hemen oso ondo hartzen gaituzte.
Nolako lagunartea duzu?
Niri inoiz ez zait zaila egin bertan integratzea. Anaiarekin atera nintzen domeka batean eta lagun bat egin genuen. Haren bitartez talde handi bat ezagutu genuen, eta badira bi urte talde horren parte naizela; oñatiarrak daude, Kolonbiatik etorritakoak... jende asko. Oso pertsona irekia naiz, eta "kaixo" batekin ez badatoz, nik esaten dut hori eta elkarrizketarekin hasten naiz. Aurten txosnetan lan egin dut, Herri Egunean Lantzenen erositako baserritar trajearekin irten nintzen, eta gazteek, nagusiek... guztiek ezagutzen naute dagoeneko. Konturatu naiz pertsona ona bazara, errespetuarekin jokatzen duena, hemen jendeak ateak zabaltzen dizkizula.
Zer moduz euskararekin?
Zaila da, baina iaz euskaltegian izena eman nuen, eta, euskaraz asko entzuten denez, azkenean, ikasten noa.
Jendaurrean lan egiteak lagundu egiten dizu horretan?
Bai, noski; okindegi-kafetegi baten lan egiten dut eta une oro nabil berbetan jendearekin; beraz, laguntzen du, bai. Erabiltzen ditudan hitzen artean hauek daude: kafesnea, ebakia, hutsa, ardoa, beltza, zuria... gorria, berdea. Eta, noski, beste hauek ere bai: kaixo, egun on, arratsalde on, eguerdi on, gabon...
Noiz hasi zinen jendaurrean lanean?
San Lorentzoko kafetegi-okindegian duela sei hilabete hasi nintzen. Baina aurretik lan egin nuen Aloña Mendi tabernan eta baita Eltziakoan ere. Ezin naiz kexatu, hemen printze hutsa naiz! Oso ondo zaintzen naute eta oportxo batzuk ere ematen dizkidate tarteka; esaterako, aurreko asteburuan Madrilera joan nintzen.
Oñatin bizi izatetik zer gustatzen zaizu gehien?
Hemen bizitzearen harmonia gustatzen zait gehien; hemen dagoen lasaitasuna eta natura. Ez dago kaleak ikustea besterik; hemen umeak bakarrik ibiltzen dira kalean lasai, hori pribilegio handia da. Uste dut hemengo jende asko ez dela konturatzen nolako harmonian bizi diren. Bai, gertatzen dira gauzak, baina leku guztietan bezala. Ezin da diruz ordaindu hemen dagoen lasaitasuna, natura eta ingurunearen kolore berdea. Izan ere, diru asko izan arren ezin zaitezke leku guztietan hemen bizi garen moduan bizi; bizi-kalitate handia dago, benetan. Eta hori eskertu egiten da.
Beraz, hemen bizitzen jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, ni dagoeneko txantxiku bat naiz; betiko, gainera.
Eta argentinar kulturako zein tradizio jarraitzen dituzu gaur egun?
Matea hartzen jarraitzen dut, baina konturatu naiz argentinarroi bakarrik gustatzen zaigula. Alfajoreak ere probatzeko ematen diet ingurukoei; askori gustatzen zaie eta beste batzuei ez. Haragi-errea aspaldi ez dut jaten, eta faltan sentitzen dut. Eta esango nuke saiatzen naizela nire azentu argentinarra mantentzen; izan ere, konturatu gabe, hemengo gauzak itsasten joaten dira.
Hemen dagoen gastronomia gustatzen zaizu?
Bai; tortillak ederrak egoten dira. Plater konbinatuena, berriz, ez dut oso ondo ulertzen. Bestela, eskalopea ere oso goxoa dago; izan ere, gure milanesaren antzekoa da. Baina benetan gustatzen zaizkidanak dira hemengo tabernetako barretan egoten diren pintxo ederrak.
Oñatin baduzu txoko kuttunik?
Lazarragako parkea; asko gustatzen zait bertan musika entzuten bakarrik lasai egotea. Paseatzea ere atsegin dut, eta egunero egiten dut Cola Caoko buelta bezala ezagutzen den ibilbide hori.
Zer gustatuko litzaizuke hemengo jendeak ulertzea?
Han segurtasunik eza ikaragarria da eta gosea ere pasatzen da. Lanean ondo irabazten da, baina horrekin ez zara hilabete amaierara iristen, eta kalean eskean jende ugari ikusten duzu. Nire anaia bati, esaterako, bost aldiz lapurtu diote.
Hemen gustura zaude?
Bai; bibrazio eta energia onak ditut, jendeari energia ona transmititzen diot beti, eta askoren bihotza neureganatu dut. Beti galdetzen dut: "Dena ondo?"; eta jendea pentsakor gelditzen da, galdera garrantzitsua egiten dudalako.
Etorkizunean zure negozioa izatea gustatuko litzaizuke?
Bai; Argentinan ez neukan horrelako asmorik, beti oraina bizi delako han, baina hemen beti pentsatzen dut gidabaimena ateratzea, okindegi propioren bat izatea etorkizunean, etxe propioa izatea... Izan ere, hemen, nahi baduzu, lor dezakezu.
Euskara erabiltzen saiatzen da
Euskara ikastea oso zaila egiten zaio, baina iaz euskaltegian hasi zen, A1 ateratzeko asmoz: "Azkenean, ez nuen lortu, baina gauza asko ikasteko balio izan zidan; konturatu nintzen han hasi nintzenean irten nintzenean baino askoz maila baxuagoa neukala. Gainera, irakasleak oso jatorrak ziren eta asko irakatsi zidaten". Euskarazko hitz batzuk asko erabiltzen ditu egunerokoan: egun on, eguerdi on, kafesnea, ebakia... Koloreak eta zenbakiak ere ikasi ditu euskaraz, eta hauxe dio: "Uste dut hemendik pare bat urtera euskarazko hitz askoz gehiago jakingo ditudala". Oraindik ikasten jarraitzeko gogoz dago.