Thierry Biscary iaz ere izan zen Bedoñako jaietan kontzertua ematen eta aurten errepikatu egin du, baina harekin batera Oreka TX-koak ere izan dira auzoko jaiko emanaldian. Betiko herriko kantuak, euren abesti propioekin eta inprobisazioekin tartekatu dituzte, eta harrera beroa izan du; publikoak zutik bukatu du txaloka.
Asteburuan, baina izan da zertaz gozatu. Zapatuan, esaterako, auzo-bazkaria egin zuten. Arratsaldean, berriz, haurrendako eta gaztetxoendako jolasak izan ziren, besteak beste.
Gaur, eguerdiko kontzertuaren ostean, salda edan eta txorizoa jan ahal izan dute auzotarrek Loramendi elkartean. Auzotarrek nabarmendu dute, jaiek auzotarrak elkartu eta euren arteko harremanak sendotzeko balio dutela.