Eragile askoren artean antolatu dituzte Gabonetako zakuan datozen ekintzak

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko abenduaren 5a

San Lorentzoko autobus geltoki ondoan jarritako argiak piztuta atzo gauean.

Gabonetako abesbatzen kontzertuak, kirol hitzorduak, hitzaldia eta erakusleiho lehiaketa daude zakuan, besteak beste. Gospela, dantza, magia eta bertso saioa ere egongo dira. Ekitaldietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Abesbatzen Gabonetako kontzertuak, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera, 2025 ixa 2026 herri lasterketa, Errege bezperako bertso saioa eta musika bandaren Errege eguneko kontzertua. Hutsik egiten ez duten ekintzak egingo dira aurtengo Gabonetan ere, baina ez horiek bakarrik. Beste hainbat ere antolatuta daude; izan ere, herriko hainbat eragileren artean osatu dute Gabon sasoirako eskaintza.

Magia ikuskizuna

Esaterako, Aloña Mendiko saskibaloi sailak kuadrillen arteko saskibaloi txapelketa antolatu du, beste behin –hilaren 26an eta 27an izango da, Zubikoan–, eta Sarek iragarri du lagunen areko areto futbol txapelketa egongo dela hilaren 29a eta 30ean. Txandak kaleko bi ikuskizun ibiltari antolatu ditu abenduko erdiko bi asteko egubakoitzetarako, eta azokak ere egingo dira: hilaren 13an elkartasun azoka, Ereiten Fundazioak antolatuta, eta 21ean herriko artisauena. Horiez gain, Ilatargi taldeak ere ekarriko du hizlari bat aurten: Esteban Esteban Peñalba matematikaria eta astronomoa izango da aurtengo gonbidatua; hurrengo hiru urteetako eklipse "ikusgarriei" buruz egingo du berba abenduaren 26an, zinema-aretoan.

Joan den urtean egindako magia ikuskizuna gustukoa izan zela ikusita, magia gala antolatu dute aurten ere. Abenduaren 29an izango da eta bi zati izango ditu: 12:00etan magia egiten ibiliko dira magoak, plaza inguruko tabernetan, eta 17:30ean gala egingo da, gaztelekuan. Iago Mago, Xabi Lizaso eta Potx magoek hartuko dute parte.

Olentzero eta Mari Domingi

Parrokian lanak egiten ari direlako, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Santa Ana antzokiko harrean egongo dira urtarrilaren 5ean, 18:30ean kalejira egin ostean. Olentzero eta Mari Domingi, berriz, Otadui Zuhaiztitik aterako dira hilaren 24an, eta plazara kalejiran iritsiko dira; han egingo diete harrera herriko umeei, eguerdian. Ordura arte, 15etik, Santa Anako harreran egongo dira euren irudiak ikusgai; postontzi bat izango dute, inork eskutitza eman gura badie.

Erakusleihoak, apainduta

Gabonetarako erakusleihoak apaintzeko gonbidapena egin die, bestalde, Udalak herriko komertzioei, eta 26k erantzun dute lehiaketan parte hartuko dutela. Erakusleihoek datorren astearterako apainduta egon beharko dute, hilak 9, eta 31ra arte mantendu beharko dira, gutxienez. Epaimahaikideek emango dituzten lehen hiru sariez gain, haurren saria eta herritarrena ere egongo dira aurten; 1.800 euro emango ditu saritan Udalak. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 18an egingo dute, eguerdian. Bestalde, egurrez, kristalez eta alanbrez egindako artelanen erakusketa dago zabalik kultura etxean; hilaren 30era arte ikus daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak