Lau txandatan banatuta, herriko hiru ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako ikasleek hartu dute parte eguerdiko –12:00etatik 14:30era– Appa hi! lehiaketan. Gaztelekuan izan da eta txanda bakoitzeko irabazleak 75 euroko bonura irabazi du, herriko dendatan gastatzeko.
Hitanoa entzutea eta batez ere Oñatiko hitanora gerturatzea izan da aurten ere Appa hi! lehiaketaren helburua. Kanta bat entzun dute lehenbizi ikasleek eta hutsuneak bete behar izan dituzte aurrez banatutako orrietan; hutsuneetako batzuetan hika forman agertzen ziren aditzak. Segidan, telefono mugikorrak eskuetan hartu eta aurrez jaitsita zuten Appa hi! aplikazioan sartu dira. Denbora muga baten barruan, hamarreko bost sorta galdera –50 guztira– erantzun behar izan dituzte gaztetxoek, noka zein toka erabilita.