Laboaren kantekin dator gaur Telleria Santa Anara

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko abenduaren 1a

Patxo Telleria, 'Ai, gure juaneteak' antzezlanean (Argazkia: Tartean konpainia).

Euskararen Egunaren egitarauaren barruan, 'Ai, gure juaneteak' antzezlanarekin etorriko da Patxo Telleria aktorea. Mikel Laboraren kanten berrinterpretazioa egingo du, musikak lagunduta. Aurten ere bi saio egongo dira.

Mikel Laboa balitz bezala agertuko da oholtzan Patxo Telleria aktorea gaur, hilak 1, Santa Ana antzokian. Euskararen Eguna da abenduaren 3an, eta Ai, gure juaneteak antzezlana izango da egun hori ospatzeko Udalak ikastetxeekin batera antolatutako ekitaldietako bat.

Tartean antzerki konpainiaren eskutik etorriko da Patxo Telleria Oñatira antzezlan horrekin. Hitzez eta musikaz osaturiko lana izango da eta taula gainean aktore-musikari bat eta bi musikari-aktore egongo dira. Musika Laboaren kantek osatuko dute, eta kanta horien bere interpretazioa antzeztuko du Telleriak. Izarren hausa, Haika mutil, Ihes betea, Baga biga higa, Negu hurbila eta Lili bat kantu ezagunen irakurketa egingo du aktoreak, musikariek Laboaren kanta horiek jotzen dituzten bitartean.

Euskaren Egunean egin ohi duten moduan, aurtengo antzezlana ere birritan egingo dute Santa Anan: herriko hiru ikastetxeetako batxilergo mailako ikasleendako 12:00etan eta herritar guztiendako 19:00etan. Sarrera doan da.

Appa Hi! lehiaketa eguaztenean

Beste ekitaldi batzuk ere egingo dira Oñatin Euskararen Eguna ospatzeko. Esaterako, Appa Hi! lehiaketa egingo da, hirugarrenez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek hartuko dute parte ekintza horretan, eguaztenean, gaztelekuan, 12:30etik 14:30era. Arratsaldean, euskal kantu saioa eta txokolate jana egongo da plazan, 18:00etan. Kontzejupea da kantuan egiteko elkargunea, guraso elkarteetako ordezkariek txokolatea banatzen egongo dira ondoan eta ikasleek bizkotxoak salduko dituzte bi eurotan.

Bestalde, udal liburutegian ere egingo diote lekua Euskararen Egunari. Eguaztenetik aurrera, 2025ean euskaraz argitaratutako liburuak eta Durangoko Azokako nobedadeak ikusgai egongo dira hango berritasunen erakusmahaian. 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30era egoten da zabalik liburutegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak