Urtarrilean egin zuten aurrenekoz San Martin krosa, eta, aurtengo denboraldirako, lehiaketa bi hilabete aurreratzea erabaki dute. Zirkuituak ere 100 metro gehiago izan ditu itzuli bakoitzean, 700 metro guztira, eta orduan baino bira eta salto gehiago ere sartu dituzte ibilbidean. Benjaminak, Alebinak eta Infantil mailako atletak aritu dira gaurkoan.
Nile Agirretxek garaipena
Benjaminetan Libe Urrestarazu eta Danel Maiztegi izan dira azkarrenak, eta Arrasate Atletikoko Nahia Rodriguez hirugarren sailkatu da. Alebinetan ere Jurgi Davilak hirugarren postua eskuratu du Arrasate Atletikorentzat. Izadi Perez eta Negu Lizeaga nagusitu dira kategoria horretan.
Infantil nesketan berriz, Arrasate Atletikoko Nile Agirretxe aretxabaletarra nagusitu da. Mutiletan, berriz, Aner Arrondo izan da azkarrena, eta Aloña Mendiko Eñaut Arriaranek hirugarren postua eskuratu du.
Antolakuntza "pozik"
Antolakuntzako kide Eric Martinek aitortu duenez, "euri pixka bat" egin duen arren, eta zirkuitua iaz baino "gogorragoa" izan den arren, kroserako giro "polita" sortu da. Korrika egin duten haurrak ere "pozik" gelditu direla adierazi du. "Eskerrak eman nahi dizkiegu, batzordearen partez, laguntzera gerturatu diren guraso eta taldekideei", esanez amaitu du Martinek.