Domekan egingo da, bigarrenez, Oñatiko San Martineko hariztian Gipuzkoako eskolarteko krosa. Ibilbidea lehenengo kroseko bera izango da, baina, ezberdina izango da: 100 metro gehiago izango ditu itzuli bakoitzak, 700 metro guztira, eta ordukoak baino bira eta salto gehiago ere bai.

Aloña Mendiko atletismo taldeak antolatua egingo da eta Gipuzkoako ia 200 gaztetxo etorriko dira; benjamin –700 metro–, alebin –1.400 metro– eta infantil –2.100 metro– mailetakoak. Tartean izango dira oñatiarrak, arrasatearrak eta antzuolarrak ere. Eurekin batera lehiatuko dira Tolosatik, Ordiziatik, Errenteriatik, Zumaiatik, Zegamatik edo Lazkaotik etorriko direnak, besteak beste. 10:00etan hasiko da eta ordu laurdenero egingo dira lasterketak, kategoriaka, txikienak hasita. Sari banaketa 11:30ean izango da.
Bigarrena
Urtarrilaren amaieran egin zen Gipuzkoako lehen eskolarteko krosa San Martinen. Jarraipena izango zuela iragarri zuen orduan Aloña Mendiko atletismo taldeak, eta aurten ere antolatu dute. Bi hilabete aurreratu dute, baina, hitzordua. "Urtarrilaren amaierarako pistan ibiltzen dira atleta asko, krosa motelago egoten da ordurako, eta aldatzea pentsatu dugu. Gipuzkoako Federazioarekin gura nahia partekatu eta data hau aukeratu genuen. Oraintxe da kroserako sasoia", azaldu du Eric Marinek.
Oñatikoaren ondoren, Gipuzkoako txapelketa jokatuko da Ordizian abenduaren 7an. Kategoria guztietan lehiatuko dira han, absolutuak eta masterrak barne. Hurrengoan, berriz, Eibarren izango da kroseko denboraldiko beste lehiaketa bat.