Azaroaren 22an ospatzen da Santa Zezilia, musikarien eguna, eta data hori kontuan hartuta, berari eskainitako meza egin dute gaur, domeka, Agustindarren elizan. Mezan zehar koruaren parte izan eta zendu diren pertsonak izan dituzte gogoan. Une hunkigarriena mezaren ostean etorri da, Parrokiako emakumezkoen koruaren parte den Anttoni Gomez Ruiz de Bergara eta gizonezkoen koruaren parte den Eduardo Korkostegi Urzelai omendu dituztenean.
Emekumezkoen korua sortzen jardun zen Gomez, beste hiru lagunekin batera. Korkostegi berriz, oso gazte zelarik batu zen korura. Bi koruek urtean 180-200 bat aldiz abesten dute, musutruk, eta Horazio Argarate parrokoak omenaldian azaldu duenez, bizipoza ematen diote elizari. Urte guzti hauetan egindako lana eskertzeko oroigarri bana eman diete omenduei, eta amaitzeko, guztiek elkarrekin Santa Zeziliari eskainitako kantu bat abestu dute.