Denboraldiko laugarren garaipena eskuratu du Construcciones Ugarte Aloña Mendi taldeak, etxean. Dreyky DJ San Adrian bilbotarrak izan dituzte aurrean, baina, ez diete partida erraz jarri oñatiarrei. Lehen unetik bi taldeak oso parekatuta ibili dira, nahiz eta oñatiarrak joan diren gainetik partidaren zati handienean. "Partida gogorra izan da. Hobeto joan garen uneak izan ditugu, baita okerrago joan garenak ere. Lehen zatian hor-hor egon gara bi taldeak", adierazi du Aloña Mendiko jokalari den Amaia Kortabarriak.
Bigarren zatiaren hasieran lortu du Pablo Garciak gidatutako taldeak distantzia ateratzea bilbotarrei, baina, Kortabarriak aitortzen du momentu batean erlaxatu egin direla, nahiz eta bukaera borobiltzea lortu: "Bigarren zati hasieran distantzia ateratzea lortu dugu, baina ostean erlaxatu egin gara eta gerturatu egin zaizkigu, baina bukaeran partida errematatu dugu".
Taldea egoera onean
Denboraldi hasieran erronka potoloa zuten esku artean oñatiarrek: Liga berria, entrenatzaile berria eta belaunaldi aldaketa eman berria. Hala ere, taldeak maila ona erakutsi du, eta Euskadiko Senior Ligan jokatutako sei partidetatik lautan izan dira garaile.
Maialen Anduaga jokalariak azaldu duenez, pozik daude taldearen mailarekin: "Kontuan hartuta liga berri bat dela, eta taldea ere nahiko berria dela, bagenekien nahiko liga zaila izango zela, baina maila ona ematen gabiltza, eta gauza politak ari dira irteten". "Gure helburua ez da ez liga irabaztea, ez postu on baten gelditzea. Asmoa ikastea, garapena izatea eta talde bezala egonkortzea da, eta batez ere, eskubaloiaz gozatzea. Uste dugu helburuak betetzen gabiltzala, beraz, oso gustura gaude", gaineratu du Kortabarriak.