Rap inprobisatuaren etxe bilakatu da Antixena

Gontzal Belategi Zubia 2025eko azaroaren 22a

Calie eta Lil Zikuta rap abeslari gasteiztarrak nagusitu ziren Antixenan jokatu zen All In Da House freestyle txapelketaren lehen kanporaketan. Herritarrek harrera beroa egin zioten Kortxelo oñatiarrari. Antolatzaileek balorazio positiboa egiten dute.

Hamar urte bete ditu euskal presoen askatasuna eskatzen duen All In Da House freestyle txapelketak, eta atzo, egubakoitza, jokatu zen lehen kanporaketa, Antixenako gaztetxean. Sei rap abeslari igo ziren oholtza gainera Kortxelo –Urko Arregi– oñatiarra eta Natxo, Amaia, Lil Zikuta, Calie eta Ramses gasteiztarrak. Hauei baseak jartzen DJ Annekdotas gasteiztarra ibili zen, eta aurkezle lanetan berriz Xabi Elortza Txirli oñatiarra.

Elortzak gai eta ariketa ezberdinak jartzen zizkien abeslariei, normalean, binaka, eta ondoren Inma Martin, Asier Anduaga eta Larraitz Ugartek osatutako epaimahaiak erabakitzen zuen nor izan zen kantaldi bakoitzeko onena. Puntuazio guztiak kontuan hartua Martin Ziarrusta Lil Zikuta eta Unai Zugazua Calie izan ziren urtarrilaren 24an Gasteizko gaztetxean jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuten bi rap abeslariak.

Pozik agertu ziren bi gasteiztarrak saioak emandakoarekin. "Oso pozik nago egunarekin eta orokorrean saioak emandakoarekin. Finalera pasatzea gehigarri bat besterik ez da", azaldu zuen Zugazuak saio amaieran. Urko Arregi Kortxelo oñatiarra ere pozik gelditu zen saioarekin: "Saio polita izan delakoan nago. Denok nahiko ondo ibili garelakoan nago". Etxean jokatzen zuen Arregik, eta hori argi gelditu zen ikusleen partetik jaso zuen harrera beroan. Oñatiarra eskertuta agertu zen bera animatzen egon ziren guztiekin.

Musika eta aldarria eskutik

Aldarri politikoen eta sozialen bozgorailu izan da historikoki hip hopa. All In Da House ez da honen salbuespena, eta askotariko aldarriak entzun ziren oholtza gainetik. Hala ere, guztien artean euskal presoen askatasunaren aldarria nabarmendu zen. "Ederra da hemen parte hartzea. Hamar urte martxan daramatzan ekimen bat da, beti ere, presoen askatasunarekin lotuta, militantzia politikoaren aitortza eginaz. Ondo dago rapetik ekarpena egitea", azaldu zuen Ziarrustak.

Gaztetxeen aldeko borrokan ere jarri zuen fokua Calie-k: "Garrantzitsua da horrelako ekitaldiak gaztetxeetara ekartzea, eta rapa zein beste edozein estilo musikal borroka espazio hauen alde jartzea".

Hamargarren urteurrena

Hamargarren edizioa du aurten All In Da House txapelketak. 2016an sortu zen proiektua, Gasteizen, Ekaitz In Da House izenarekin. Ekaitz Samaniego preso gasteiztarraren aldeko ekimen bezala hasi zen, baina hau aske geratzean Ekaitz Is In Da House izena hartu zuen. 2021ean hartu zuen egun duen izena, preso guztien askatasuna aldarrikatzeko. Txapelketak Gasteizko mugak gainditzen duen laugarren aldia da, eta Oñatin egiten den bigarrena. Antolatzaileek saioaren balorazio positiboa egin zuten hau amaitu ostean, eta txapelketa mantentzen baldin bada, Antixenako ateak irekita izango dituztela azaldu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak