Hamahiru oñatiar omendu ditu Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak

Gontzal Belategi Zubia 2025eko azaroaren 22a

Aurreko urtean odola 25, 40 eta 50 aldiz eman zuten herritarrak omendu dituzte. Ekitaldian odol emaile berrien beharra dagoela zaldu zuten, gazteen parte hartzeak duen garrantzia azpimarratuz. Ekitaldiarekin batera azaroko odol ateratzea egin zuten.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak hainbat herritan egiten ditu odol-emaileen aitortza ekitaldiak. Atzo, egubakoitza, Oñatiko odol-emaileen txanda izan zen. Modu honetan, odola ematera bertaratu ohi diren herritarren konpromisoa balioan jarri nahi zen. "Zuek lortu duzuena benetako inplikazio bat da. Eskuzabaltasuna eta konpromisoa erakutsi duzue, eta erakusten duzue, odola ematerako orduan", azaldu zuen hitzartzean Oñatiko Odol Emaileen Elkarteko kide den Lorea Biainek.

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean egin zen ekitaldian hamahiru herritar izan ziren omenduak: Maria del Carmen Bikuña, Juan Cruz Cortabarria, Iñigo Diaz, Patricia Dorado, Miren Alazne Korta, Maria Jose Mendizabal, Miren Amaia Osa, Garikoitz Rivera, Asier Urcelai eta Edurne Galdos 25 odol emate egiteagatik; Elisabeth Rosa Reinstadler eta Ikerne Urteaga 40 odol emate egiteagatik eta Aitor Ugalde 50 odol emate egiteagatik. "Gizartearentzat eta beste odol emaile batzuentzat eredu zarete. Zuen ekintza altruistak hainbat pertsonaren bizitza salbatu, edo gutxienez, osasun egoera hobetu du", adierazi zuen Biainek.

Omendua izan zen Aitor Ugalde pozik agertu zen aitortzarekin: "Azken batean borondatez egiten dugun ekintza bat da, eta horrelako errekonozimendu bat jasotzea beti da gustagarria".

Odola ematearen garrantzia

Odola ematearen garrantzia azpimarratu zuen Biainek, momentuz ez dagoelako odola ordezkatu dezakeen ezer, "beraz, pertsonok eman behar dugu odol hori". Odol emateek goranzko joera izan dutela azaldu zuten ekitaldian: 2023an 513 odol poltsa atera ziren osotara, 525 2024ean, eta aurten, azaroko eta abenduko datuak kontuan hartu gabe, 472 poltsa atera dira.

Odol kantitateak gora egin arren, odol emaile berrien datuak beherantz doaz: 2023an 30 izan ziren lehenengoz odola ematera hurbildu zirenak, 25 2024ea, eta 2025ean, momentuz, 14 izan dira. Aspektu horretan, gazteak ere odola ematen hasteko dagoen beharra dagoela adierazi zuen Oñatiko Odol Emaileen Elkarteko kideak: "Gu hemen gaude, baina kateak jarraitu behar du. Guztiok odola izango dugula ziurtatzeko ezinbestekoa da ondorengo belaunaldiek honekin jarraitzea".

Omenaldian aipatutako datuen arabera, munduko lau pertsonatik hiruk bizitzan zehar odola, edo honen osagairen bat, beharko dute. Datu horrek duen pisuak bultzatuta hasten dira hainbat herritar odola ematen, tartean, Ugalde: "Egunen batean nik ere beharko nuela pentsatuz hasi nintzen odola ematen. Zorionez, orain arte ez dut behar izan, baina badirudi gure bizitzan zehar gehienok behar izango dugula. Nik noizbait beharra baldin badut gustatuko litzaidake odola jasotzea, eta horren truke, neronek emateko hautua egin nuen".

Lantaldeari eskertuta

Ekainean hil zen Pili Irazabal izan zuten gogoan ekitaldian zehar, "urtetan zehar elkarte honetan lan asko egindakoa" izan zelako. Egun taldean dauden hainbat kiderekin elkarlanean jardun zuen Irazabalek, eta bide horretatik, taldea osatzen duten partaide guztiei eskerrak eman nahi izan zien Biainek, hauek egiten duten lana balioetsiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak