Zapatuan, trikitiak hartuko du protagonismoa Oñatin. Izan ere, eguerdian, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatuta, Araotzen jaio zen Primi Erostarbe panderojole, irrintzilari eta koplalariaren bizitza jasotzen duen Primi Erostarbe; itzalari dantza liburu-diskoa aurkeztuko dute, 12:00etan, zine aretoan. Eta arratsaldean, berriz, Lizargarate Trikitizale Elkarteak antolatuta, trikiti jaialdia izango da Santa Ana antzokian, 17:00etatik aurrera.
Liburua, Itziar Ugartek idatzita
Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen eskutik jaso zuen Itziar Ugarte idazle eta kazetari oñatiarrak Erostarberen bizitzari buruzko liburua idazteko proposamena: "Aitortu behar dut nik ez nekiela nor zen Primi Erostarbe Etxeberria proposamena heldu zitzaidanean. Gogoz, erronka modura hartu nuen eta izan da udaberri-uda bete-betean jarrita ateratako liburu bat, beraz, nahiko bixi egindakoa".
Euskal Herriko elkartearen Soinuaren Liburutegia bildumako 18. alea izango da Erostarberena. Bertan Ugartek haren biografia jaso du eta hark egindako lana nabarmendu du: "Gerra aurreko musika eta kultur mundua, eta ondoren, 60. hamarkadan egin zen euskal kultura berreskuratze-lan mugimendu horren artean katebegi lan inportante bat egin zuen musikarietako bat izan zen".
Trikiti jaialdia, arratsaldean
Lizargarate elkarteak, Oñatiko XVII. Trikiti jaialdia antolatu du arratsalderako eta partaide hauek izango dira: Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdai; Joxe Agustin eta Andoni Elortza, Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta; Enaitz Alberdi eta Oier Alberdi; Imanol Astiasaran, Unai Andonegi eta Rakel Pujana; Larre Alde trikitilariak; Ane Etxezarreta eta Sara Iriarte; Izar eta Iñigo Irazabal. Sarrerak salgai daude Udal webgunean eta baita Txokolateixan ere.
Aita-alabak, trikiti jaialdian jotzen
Oñatiko Izar eta Iñigo Irazabal estreinatuko dira oholtzan, aurtengo trikiti jaialdian. Aita-alabak dira eta aitak hiru abesti sortu ditu espreski zapatuko emanaldirako. 9 urteko alaba Izarrekin igoko da taula gainera: "Sekula egin bariko lanak egin ditut kantuak sortzen eta ilusioz eta arduraz nago. Sorpresak ere izango dira aurtengo jaialdian".
