0-3 urte arteko umeendako jolasgunea egiteko lanak hasi dituzte aste honetan San Lorentzon, ziburuak dauden ondoan. Bi berdegune moldatuko dituzte umeendako espazio berriak sortzeko eta horrez gain beste eremu bat egongo da hondar, pinu-azal eta kortxozko zoruekin. Adin ezberdinei bideratutako elementuak jarriko dituzte hiru eremu horietan, harriak, enborrak aulkiak eta mahaiak, esaterako. Hesiak, eserlekuak eta seinaleztapena ere jarriko dituzte. "Urte tarte horrendako jolasgune beharra identifikatu zuen Jolastuku diagnostikoak. Jolas material naturalak eta testura desberdinak erabiliko dira, esperimentatzeko eta ikertzeko aukerak eskainiz", azaldu du Ekhiñe Mendi Altubek, haur eta gazteria batzordeburuak.
Jolastuku diagnostikoa
Udalak herriko jolasguneen plana egin zuen aurreko agintaldian "herriko espazioak hobetzeko, jolas ohitura berrien arabera egokitzeko eta berriak sortzeko bide-orria lantzeko". Diagnostiko teknikoaz gain, haur, nerabe, guraso eta hezitzaileen parte-hartzerako saioak izan zituen prozesuak eta horren bidetik dator espazio hau. “Jolasguneen plana ez zen azpiegitura edo elementu soilak proposatzera mugatu, eta aintzat hartu zituen jolaserako joerak, gizartearen gaurko eta etorkizuneko erronkak, landu eta hedatu beharreko balioak... Diagnostikoa osotasunean jorratu zen, eta herriko jolasgune guztiak aztertu zituen”, azaldu du Haur eta Gazteria batzordeburuak.
Hilabete iraungo dute lanek; aurrekontua, 40.000 euro –BEZ kanpo–.
