Lidertza sendotzeko garaipena lortu du Aloña Mendik (4-0)

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 16a

Sailkapeneko bigarrenaren bisita izan du gaur Gorengo Erregional Mailako liderrak Azkoagainen, eta aldea handitzeko baliatu du lehia Unai Garaiek zuzentzen duen taldeak, Getariako Ketari 4-0 irabazita.

Lehen zatian oso orekatuta egon da partidua, nahiz eta etxekoek egin dituzten ahalegin handienak aurkariaren atea zulatzeko. Azkoagainen ohikoa izaten den moduan, aireko jokoa eta baloi geldiko jokaldiak nabarmendu dira lehen 45 minutuetan, eta ez da golik izan. Atsedenaldira iristear zirela, gainera, norgehiagokako albiste txarra iritsi da, Getariako jokalari batek min hartu baitu belaunean, eta anbulantzian eraman behar izan dute ospitalera.

Bigarren zatian, Aloña Mendik gora egin du apurka-apurka. 55. minutuan etorri da lehen gola, Iñaki Alonsok sarturikoa. Eskuinetik landutako jokaldi baten ostean, baloia area barruan gelditu da, inork urruntzen ez zuela, eta hainbat aldaratzeren ostean, Alonsok baloia sareetara bidali du.

Etxekoak hazi egin dira gol horrekin eta getariarrek, aukera pare bat izan arren, ez dute partidua berdintzerik lortu. Edozelan ere, Unai Garairenek ez dute lasaitasunaren gola sartzea lortu azken hatsera arte. Izan ere, 83. minutuan etorri da Aitor Zubiagirreren gola, bakarkako jokaldi on baten ostean. Ondoren, segidan etorri dira Hasier Arregiren (86. minutuan) eta Ander Irizar kapitainaren (90. minutuan) golak, partidua erabat erabakita utziz.

Irizarrek Goiena telebistako kamaren aurrean aitortu du emaitzak ez duela islatzen benetan egon den lehia. "Bagenekien partidu gogorra izango zela eta lehen zatian hala izan da, oso borrokatua. Baina horrelako partiduetan detaile txikiek asko balio izaten dute eta guk asmatu egin dugu horretan".

Gaineratu du bigarren zatian egon dela gakoa. "Atsedenaldian komentatu dugu indartsu sartu behar ginela zelaira eta hala izan da. Gainera, zortez, golak alde izan ditugu". 

Denboraldia aurrera doa pixkanaka, eta lidertzan sendo daude oñatiarrak, hain zuzen, gaurko aurkari Getariako Keta lau puntura baitute orain. "Bolada on hau baliatu behar dugu, momentu txarrak ere etorriko dira-eta", dio Irizarrek. Denboraldiko helburu nagusiari dagokionez, hasieran hala ez bazen ere, igoera dela onartu du. "Nola hasi garen ikusita, mailaz igotzea dugu begiz jota".

Partiduak emandako guztia bihar, astelehena, Goiena telebistako Harmailatik saioan ikusi ahal izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak