Umorezko komedia egingo dute oraingoan Pake Leku jubilatuen elkarteko Ikusi Makusi antzerki taldekoek. Oporretara goaz! izenburupean, Luisa, Sole eta Hortensia pertsonaiak Benidormera bidaia prestatzen hasiko dira; senar gabe egingo dute bidaia eta disfrutatzera joateko asmoarekin guztia antolatzen hasiko dira. Baina ezusteko handi bat gertatuko da eta plan guztia hankaz gora jarriko zaie. Horrela laburtu du anztezlana Ikusi Makusi taldeko kide den Arrate Kortabarriak.
Taldeko zuzendari Asun Arzuagak idatzitako lana da eta aurrez duela hamabost urte inguru taularatu zuten. Orduan antzezle izan zen Tere Zubiak errepikatu egingo du aurten eta beste guztiendako obra antzezten duten lehen aldia izango da: Arrate Kortabarriarendako, Arantza Bengoarendako, Belen Arregirendako, Jose Manuel Ramosendako, Adela Korkostegirendako eta Iñaki Igartuarendako, hain zuzen.
Aurrekoa moldatuta
Otsailean hasi ziren aurten antzezteko obraren aukeraketarekin eta aurretik Arzuagak idatzita zituenen artean aukeratu dutela adierazi du Kortabarriak: "Obra pixka bat laburtu dugu, zuen esentzia galdu gabe; gauza batzuk eguneratu ditugu; eta, euskarak presentzia handiagoa izango du. Izan ere, urtetik urtera euskarazko tarte geroz eta luzeagoak sartzen saiatzen gara, beraz, itzulpen lanak ere egin dira". Entseguetan forma eman diote antzezlanari eta azken astetan Santa Ana aretoan egin dituzte entseguak.
Ondo pasaraztea helburu
Kortabarriak esan du euren helburua dela ondo pasatu eta ondo pasaraztea: "Ikusleek barre batzuk egiten badituzte, gu pozik".
Lehen emanaldia etzi, egubakoitza, egingo dute Pake Lekuko bazkideendako doan, Santa Anan, 18:00etan. Eta herritarrendako saioa zapatuan, hilaren 15ean, izango da, 19:00etan. Sarrerak salgai daude Pake Lekun eta Santa Anako sarreran ere eskuratu ahalko dira, 5 eurotan.
Aurreko antzezlana Eskoriatzan ere egin zuten, eta oraingoan ere badute asmoa. Oraindik data zehatzik ez duten arren, Hotz Oñatirendako saio solidario bat ere egingo dute.
Bestelako ekintzak ere bai
Pake Lekun, zapatuan, hilaren 15ean, olagarro eguna izango dute –15 euro errazio bakoitza–, 20an bingo berezia eta 21ean Pozalaguara –Bizkaia– irteera egingo dute. Azaroaren 26ko gaztaina jana izango da hileko azken ekitaldia.