Handik hona

Wajahat Arshad: "Pakistanen ez dago etorkizunik ez legerik"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko azaroaren 10a

Wajahat Arshad, martitzen arratsaldean, Oñatiko Kale Zaharrean. (Argazkia: I.A.A.).

Ali izenez ezagutzen dute gehienek Wajahat Arshad (Chilianwala, Pakistan, 1996). Lodosan eta Oviedon bizi izan ostean, duela bederatzi urtetik bizi da Oñatin.

Oñatin Ali zara; zergatik?

Nire izena ahoskatzea zaila delako. Wayajat esaten da. Institutuan hasi nintzenean, nire izena esatea zaila iruditzen zitzaien, eta ordutik Ali naizela esaten dut. Pakistandar askok erabakitzen dute horrela deitzea arrazoi berberagatik.

Nola oroitzen duzu haurtzaroa?

Ikasten; bizitza normala neukan. Aitak Greziara migratu zuen; gero, Espainiara, eta bi urtean behin etortzen zen bisitan. Oraingo bizitzarekin alderatuta oso ezberdina zen. Kezkarik eta ardurarik ez daukazunean, ez daukazu kargarik. Orain guztia lana, lana eta lana da. Ardurak eta kezkak dituzu beti.

Noiz irten zinen Pakistandik?

2012ko maiatzean iritsi nintzen Espainiara, 16 urterekin bakarrik. Hemen nire aita eta beste senide batzuk zeuden. Lodosan ia bi urtez egon nintzen, eta gero Oviedora joan nintzen, nire amaren familiarengana. Oñatira 2016an etorri nintzen. Izan ere, fruta-denda bat zeukan lehengusu batek, eta negozioa erosi genion.

"Europan gustatzen ez zaidan gauza da seme-alabek gurasoak ez errespetatzea"

Zergatik migratu zuen aitak?

Ia migrante guztien arrazoi berberagatik: bizitza hobetzeko, etorkizun hobea izateko eta lana edukitzeko. Pakistanen badago lana, baina ez dut sekula ikusi gaur egun han dagoen egoera. Uste dut munduko egoerarik txarrena duela. Pakistanen ez dago etorkizunik ez legerik. Lana badaukazu ez dakizu noiz arte, zein egoeratan... Hemen oso gustura gaude.

Oñatira egokitzea erraza izan da?

Ez, bakarrik nengoelako. Ez neukan lagunik, ezta herrikiderik eta familiarik ere. Pixkanaka jendea ezagutu dut, eta orain, herri guztiak ezagutzen nau. Nire senideekin bizi izan naiz hainbat herritan, baina 2020ko abenduan nire ama eta anai-arrebak etorri ziren hona. Ordutik, guztiok batera gaude. 2023an ezkondu nintzen, eta 2024an ekarri nuen nire emaztea. Dagoeneko urte eta erdiko alaba daukat.

Ezkontzengatik galdetu nahi nizun; nola izaten da?

Gurasoek ez dute zertan norberaren emaztea aukeratu. Adibidez, nik neska bat gustuko badut, nire gurasoei esan diezaieket harekin ezkondu nahi dudala, eta haiek neskaren gurasoekin hitz egin behar dute, ados dauden edo ez jakiteko. Txikitatik ezagutzen nuen nire emaztea. Ni harekin ezkontzea nahi zuen nire amak. Nik ez nuen arazorik, eta horrela izan da.

Zailtasunik izan duzu hemen?

Esan dizudana: hasieran bakarrik egotea. Orain, zailtasun bakarrenetakoa etxebizitzaren kontua da. Oñatin ez dute etxerik alokatzen, eta saltzen direnak oso garesti saltzen dira. Bota ezin nazaketen etxe bat erostea falta zait Oñatin. Laster, orain bizi garen pisua utzi egin beharko dugu. Espero dugu, beste herri batzuetan egiten ari diren bezala, neurriak hartzea: salmenta prezioak erregulatzea. Orain etxe bila ari naiz Oñatin; etxe huts asko daude, ia 600.

"Denok dakigu onak eta txarrak leku guztietan daudela; hemen ia guztiek hartu naute ondo"

Zein ezberdintasun kultural daude Pakistanen eta Euskal Herriaren artean?

Asko; orain, han, hemen bezala, gazteek ez dute erlijioan sinesten. Europan gustatzen ez zaidan gauza bakarrenetakoa da seme-alabek gurasoak ez errespetatzea. Egunetik egunera okerragoa da. Lehen uste nuen ezetz, baina orain uste dut erruaren erdia gurasoena dela. Gure kulturan, oraindik gurasoek zaintzen naute, nahiz eta lan egin; beti daude nirekin. Nik azken egunera arte zainduko ditut, nigatik sakrifizio handia egin dutelako.

Hango ohiturak mantentzen dituzu?

Beti egiten dut otoitz. Egubakoitzetan meskitara joaten naiz, musulman guztiak bezala. Ramadana edota Arkumearen Festa ere ospatzen ditut. Kriketean ibiltzen naiz Zumarragako taldean. Txapelketa handi bat egin dugu aurten, Espainiako taldeekin. Euskadin hamasei talde daudela uste dut.

Etorri zinenetik denbora igarota, orain integratuta sentitzen zara?

Bai. Denok dakigu onak eta txarrak leku guztietan daudela, baina hemen ia guztiek hartu naute ondo. Bi pertsonagatik ez naiz atzerritar sentituko.

Nongoa sentitzen zara?

Erdi eta erdi. Hango oroitzapen oso onak ditut. Familia eta lagunak han daude, baina hemen bizi nahi dut, Oñatin. Noizean behin bisitan joango naiz, baina bizi hemen.

Euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz egiten du berba Wajahat Arshadek

Duela 9 urtetik Oñatin bizi bada ere, azaldu du ez dela euskara ikasten hasi, denbora faltagatik: "Goizean goiz irteten naiz etxetik, eta 22:00etan itzultzen naiz". Dena den, zenbait hitz ulertzen ditu, eta ikasi dituen horiek fruta-dendan lanean ikasi dituela dio: "Zenbakiak badakizkit, fruta eta barazki guztien izenak, eta agurrak ere bai".

Hala ere, iruditzen zaio euskara ikasten hasiko balitz ikasiko lukeela. Haren anaia, esaterako, 2020an iritsi zen Oñatira, eta, adierazi duenez, %100 daki euskaraz: "Nik ere ikasiko banu, badakit ikasi nezakeela. Gaztelania ikastea ere ez zen batere erraza izan guretzat. Gure hizkuntza, arabiera eta urdua, eskuinetik ezkerrera idazten da, baina esango nuke euskara ikastea ez dela zaila. Nik zenbakiak bi egunean ikasi nituen, nire bizilagun Aritzi esker".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak