Sorpresaz beteriko kontzertuarekin eman dio amaiera birari Sukena taldeak

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko azaroaren 8a

Besteak beste, Malko taldeko Maddi Arlanzonek, Añubeko Aitor Bediak eta Hesian taldeko Zuriñe Hidalgok abestu zuten Sukenarekin batera Oñatiko gaztelekuan egindako kontzertuan.

Sorpresaz betetako gaua antolatu zuen Sukena taldeak lehen diskoko bira amaitzeko, eta halaxe izan zen. Bertsioekin hasi zirela, eta bira bertsioekin bukatuko zutela esan zuten egubakoitz gaueko kontzertuan, gaztelekuan. Halan, gonbidatu bereziak izan zituzten eta eurekin batera abestu zituzten, publikoak lagunduta: Maddi Arlanzonekin abestu zituzten, esaterako, Malko taldearen bi kantu; Añuberen beste bi Aitor Bediarekin eta Zuriñe Hidalgo abeslaria ere ondoan izan zuten oholtza gainean, Hesian taldeko Guregatik kantua abesteko –bideoan agertzen dena–.

Euren diskoko abestiak ere errepasatu zituzten, eta Oñati Bizirik ekimenerako sortutakoa ere eskaini zuten. Sukena taldeko kideek eskerrak eman zizkieten zaleei, "beraiek direlako taldea hain urrun heltzearen zergatia". Naia eta Eider ahizpek, kontzertura joan ziren zaleekin batera abestu zuten, oholtzatik jaitsita euren artean, Nostalgiaren Maitale abestia. Palestinaren alde, genozidioaren kontra ere abestu zuten. 

Sukenaz gain, Donostiako Indabe taldeak jo zuen egubakoitz gauean Oñatiko gaztelekuan.

Bergarako hiru talde datorren egubakoitzean

Urte amaiera bitartean antolatuta dituen kontzertuen egitarauan, Bergarako hiru talde etorriko dira gaztelekura datorren egubakoitzean, hilak 14: Brigade Loco, Cold Revenge eta Laino Beltzak. Sarrerak: aurrez 12 euro, takillan 15 euro. Txandak bi sarrera zozkatuko ditu bezeroen artean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak